Gipuzkoako Euskal Pilota Egokituko Eguna, larunbatean, Oiartzunen
2025/05/08 | 100 urte
Federazioaren mendeurrenaren beste ekitaldietako bat da: topaketa, erakustaldi partida, barrenea, bazkaria... eta 16:00etan hasita, Euskal Pilota Egokituko XV. Gipuzkoako Txapelketako binakako finalak
![]() Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren (GEPF) mendeurreneko ekitaldiekin jarraituz, eta Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin (GKEF) elkarlanean, Gipuzkoako Euskal Pilota Egokituko Eguna antolatu dugu, larunbatean (2025-05-10), Oiartzunen. Egun guztiko festa izango da, eta Euskal Pilota Egokituko XV. Gipuzkoako Txapelketako binakako finalak ikusteko aukera izango da, arratsaldean. Atzo (2025-05-07) eman genuen xehetasun guztien berri prentsaurrean, Oiartzunen, hainbat erakundek eta pilotarik lagunduta.
Juan Carlos Etxeberria GEPFko Zuzendari Teknikoak oso eskertuta hitz egin zien pilotariei: "Zuek zarete festa honetako protagonistak, zuek gabe ez genuke hau izango. Eta oso eskertuta gaude aldiro agertzen duzuen bizipoz eta argitasunagatik". Pilotarien maila ona ere azpimarratu zuen: "Bistakoa da lan handia egiten duzuela denek”. Federazioaren mendeurrenean pilota egokitua ere present izatea nahi zuen federazioak, eta bai larunbateko festara bai urteurreneko gainontzeko ekitaldietara batzeko gonbita egin zuen Etxeberriak. Blanca Aranguren GKEFko presidenteak bi federazioen arteko harreman luze eta egonkorra goraipatu zuen, "federazio bakoitzaren lan zoragarriaren ondorio". Era berean, pozik agertu zen jende gaztea eta erreleboa datorrelako, eta baita emakumeak gero eta gehiago direlako ere. Edorta Fernandez Oiartzungo Kirol zinegotzia oso eskertuta agertu zen Oiartzunek hartuko duelako festa egun hau: "Udaletik beti saiatzen gara, pilotaren kasuan, telebistan ikusten ditugun mutiletatik harago joaten, eta apustuak hortik joan behar duela sinistuta gaude. Oiartzunen ohitura da pilota, eta guretzat garrantzitsua da modalitate ezberdinak ikusgarri egitea”. Mari Jose Paredes Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol departamenduko teknikoak gaineratu zuen oso garrantzitsua dela horrelako ekintzak antolatzea, “eredugarria” baita: “Pertsona bakoitzak behar batzuk ditu, eta gizartea antolatu behar da era batean zeinetan behar horiek betetzen diren, egokitu egin behar da. Uste dut kirolaren bidez ahal dela transferentzia bat egitea bizitzan, eta kirolaren bidez garatzen baditugu balio batzuk uste dut posible dela aurrera egitea”. GKEFko teknikari Amaia Elizondok eta Mikel Merinok, bestalde, Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketaren "parte-hartze handia" eta "maila altua" azpimarratu zituzten. Bi kategoriatan jokatu da txapelketa: adimen urrritasuna dutenen teniseko paleta txapelketa eta gurpil aulkiko gomazko paletako lehia. "34 pilotari lehiatu dira, iaz baino bost gehiago. Lau emakumek hartu dute parte jardunaldietan, eta horietatik bi finalean daude". Ordezkari guztiek hitza hartu ondoren, protagonisten txanda izan zen, pilotariena, eta finalen atarian dituzten sentsazioak izan zituzten hizpide.
Aipatu bezala, egun guztiko festa izango da larunbatekoa, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan. Hauxe antolatutako egitaraua:
Zorte on eta festa polita izan dadila!
*Argazkiak: Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa. |
|