Martxan da 2025eko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, eskuzko eta gomazko paletako lehiekin
2025/04/30 | Lehiaketa
Gaurtik igandera bitarte jokatuko da lehen jardunaldia: eskuz, Aduna, Alegia, Amasa-Villabona, Amezketa, Aretxabaleta, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Eibar, Lazkao, Oņati, Usurbil, Zegama eta Zestoa herriek ekingo diote lehiari; gomazko paletaz, Andoainek, Lasarte-Oriak, Zarautzek eta Zumaiak; palako eta zesta-puntako txapelketak maiatzaren 11ko jardunaldian hasiko dira
![]() Gaur hasiko da 2025eko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Eskuzko eta gomazko paletako lehiekin ekingo diote lurraldeko pilotariek; bai batean bai bestean final-hamaseirenetako joaneko jaialdiak jokatuko dituzte. Eskuz, Aduna, Alegia, Amasa-Villabona, Amezketa, Aretxabaleta, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Eibar, Lazkao, Oñati, Usurbil, Zegama eta Zestoa herriak hasiko dira jokatzen; eta gomazko paletaz Andoain, Lasarte-Oria, Zarautz eta Zumaia. Hurrengo jardunaldian, maiatzaren 11koan, beste bi lehia gehituko zaizkie aurrekoei: zesta-puntakoa eta palakoa. Albiste honi erantsitako dokumentuetan ikus daitezke egutegi guztiak.
Hauxe da, hain zuzen ere, asteburuko kartelera:
APIRILAK 30, ASTEAZKENA - 19:30, Andoain-Arrate: ANDOAIN vs ZUMAIA (gomazko paleta, final-hamaseirenak, joanekoa)
MAIATZAK 1, OSTEGUNA - 11:00, Alegia-Elorri: ALEGIA vs OÑATI (eskua, final-hamaseirenak, joanekoa) - 20:30, Astigarraga-Txomiñene: ASTIGARRAGA vs ZEGAMA (eskua, final-hamaseirenak, joanekoa)
MAIATZAK 2, OSTIRALA - 17:00, Zestoa-Gurutzeaga: LAZKAO vs ZESTOA (eskua, final-hamaseirenak, joanekoa) - 18:00, Aduna-Udalekoa: ADUNA vs AZPEITIA (eskua, final-hamaseirenak, joanekoa) - 18:30, Amezketa: AMASA-VILLABONA vs AMEZKETA (eskua, final-hamaseirenak, joanekoa)
MAIATZAK 3, LARUNBATA - 17:00, Zarautz-Aritzbatalde: ZARAUTZ vs LASARTE-ORIA (gomazko paleta, final-hamaseirenak, joanekoa)
MAIATZAK 4, IGANDEA - 11:00, Aretxabaleta-Udalekoa: ARETXABALETA vs AZKOITIA (eskua, final-hamaseirenak, joanekoa) - 17:00, Eibar-Astelena: EIBAR vs USURBIL (eskua, final-hamaseirenak, joanekoa)
Edizio honetan, 21 herrik eman du izena eskuzko lehian, 6 ariko dira larruzko paletaz eta pala motzez, 14 gomazko paletaz eta 3 zesta-puntaz. Denera, 44 herri eta 460 pilotari elkartuko ditu txapelketak (266 eskuz, 46 palaz, 107 gomazko paletaz eta 41 zesta-puntaz):
ESKUA
LARRUZKO PALETA ETA PALA MOTZA
GOMAZKO PALETA
ZESTA-PUNTA
Eskuz, 3 herri gehiago lehiatuko dira aurtengo edizioan, 21: ez dira izango Altzo, Idiazabal eta Tolosa; baina Alegia, Aretxabaleta, Eibar, Lazkao, Usurbil eta Zegama batu dira zerrendara. Palako lehian, iazko kopuru bera izango da, 6, baina bada aldaketarik parte-hartzaileei dagokienean: aurten ez da izango Oiartzun, eta bai Azpeitia. Gomazko paletaz ere, iazko kopuru bera izango da, 14, baina ez dira herri berberak izango: aurten ez dute jokatuko Errenteriak eta Zestoak; eta bai, ordea, Azkoitiak eta Lasarte-Oriak. Eta, azkenik, zesta-puntaz 3 herri lehiatuko dira, aurreko edizioko berberak.
Lehendabiziko finala larruzko paletako eta pala motzeko txapelketarena izango da, ekainaren 7ko asteburuan. Ondoren etorriko da zesta-puntakoa, ekainaren 22ko jardunaldian. Eta ekainaren 30ekoan izango dira, azkenik, eskuzkoa eta gomazko paletakoa: eskuzkoa, gainera, ETB1k eskainiko du zuzenean; ekainaren 28an izango da, 10:30ean, Donostiako Atano III.ean.
Eskuzko txapelketaren 57. edizioa izango da aurtengoa, 34.a larruzko paletaz eta pala motzez, 27.a zesta-puntaz eta 7.a gomazko paletaz. Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien eskuzko txapelketan, 16, hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde); Azpeitia da bigarren palmaresean, 8 txapelekin (6 bider azpitxapeldun); eta Donostia hirugarren, 6rekin (4tan txapeldunorde). Azken edizioa Oiartzunek irabazi zuen, eta Zaldibia izan zen txapeldunorde. Palaz, Donostiak ditu txapel gehien, 8 (6 aldiz izan da txapeldunorde); Andoain eta Errenteria dira ondoren palmaresean, 7 txapelekin (txapeldunorde 7 bider Andoain eta 5 Errenteria); eta Olaberria ondoren, 6 txapelekin (2tan txapeldunorde). Errenteriak irabazi zuen aurreko edizioa, eta Andoain izan zen txapeldunorde. Zesta-puntaz Zumaia da jaun eta jabe, 10 txapelekin (12 aldiz txapeldunorde); Mutriku du atzetik, 9 txapelekin (4 bider azpitxapeldun); eta Tolosa da hirugarren postuan, 4 txapelekin (6tan txapeldunorde). Azken edizioa Mutrikuk irabazi zuen, Zumaiaren aurka. Gomazko paletaz, azkenik, Azkoitia da lider sailkapenean, 3 txapelekin (ez da sekula txapeldunorde izan); atzetik da Donostia, 2rekin (2tan txapeldunorde); eta ondoren Astigarraga, txapel batekin (beste behin txapeldunorde). 2024ko edizioan Donostiak jantzi zuen txapela, eta Astigarraga izan zen txapeldunorde.
Rural Kutxak eta Aramendia pasteleriak berriro babestuko dute Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa.
Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean dago eskuragarri txapelketaren inguruko informazio guztia.
*Argazkiak: Aduna eta Oñati. |
|