Herriarteko Txapelketako kanporaketak, erabakita
2025/04/09 | Lehiaketa
Pilotariak, ordezkariak, babesleak eta erakundeak elkartu dira aurkezpen-zozketan; maiatzaren 4ko asteburuan hasiko dira eskuzko eta gomazko paletako lehiak, eta maiatzaren 11koan gehituko zaizkie palakoa eta zesta-puntakoa; 44 herritako 460 pilotari elkartuko ditu txapelketak
![]() Prest da 2025eko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Atzo iluntzean (2025-04-09) egin genuen aurkezpen ekitaldia eta kanporaketen zozketa, Donostiako Kirol Etxean, parte hartuko duten herrietako ordezkari eta pilotari askok lagunduta. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren (GEPF) presidente izendatu berri Iñaki Lizasok gidatu zuen saioa, eta alboan izan zituen bi babesleen ordezkariak: Rural Kutxako Lide Cruz eta Aramendia pasteleriako Iagoba Ezama.
Klub guztiei eskerrak emanez ekin zion aurkezpenari GEPFko presidente Lizasok, eta babesleei hitza eman zien ondoren. "Iaz oso-oso gustura egon ginen, eta errepikatu nahi izan dugu", adierazi zuen Aramendiako Ezamak. "Betidanik izan da oso txapelketa berezia guretzat, eta hor egon nahi genuen". Ildo beretik mintzatu zen Rural Kutxako Lide Cruz, eta pozik azaldu zen elkarlanean jarraitzeagatik: "Guretzat ere oso txapelketa berezia da, gure baloreekin bat egiten du". Gainera, pilotariei jakinarazi zien, aurreko edizioetan bezala, hitzarmena sinatu dutela Pilotadendarekin, eta 60€ko txartela izango dutela bertan gastatzeko.
Aurtengo edizioaren hainbat xehetasun eman eta gero, kanporaketen zozketari ekin zioten mahaikideek, pilotariak eta ordezkariak urduri eta jakinminez adi-adi zituztela. Hain zuzen ere, albiste honi erantsitako dokumentuetan ikus daitezke zozketa horrek erabakitakoak.
Eskuzko txapelketaren 57. edizioa izango da aurtengoa, 34.a larruzko paletaz eta pala motzez, 27.a zesta-puntaz eta 7.a gomazko paletaz.
21 herrik eman du izena eskuzko lehian, 6 ariko dira larruzko paletaz eta pala motzez, 14 gomazko paletaz eta 3 zesta-puntaz. Denera, 44 herri eta 460 pilotari elkartuko ditu txapelketak (266 eskuz, 46 palaz, 107 gomazko paletaz eta 41 zesta-puntaz):
ESKUA
LARRUZKO PALETA ETA PALA MOTZA
GOMAZKO PALETA
ZESTA-PUNTA
Eskuz, 3 herri gehiago lehiatuko dira aurtengo edizioan, 21: ez dira izango Altzo, Idiazabal eta Tolosa; baina Alegia, Aretxabaleta, Eibar, Lazkao, Usurbil eta Zegama batu dira zerrendara. Palako lehian, iazko kopuru bera izango da, 6, baina bada aldaketarik parte-hartzaileei dagokienean: aurten ez da izango Oiartzun, eta bai Azpeitia. Gomazko paletaz ere, iazko kopuru bera izango da, 14, baina ez dira herri berberak izango: aurten ez dute jokatuko Errenteriak eta Zestoak; eta bai, ordea, Azkoitiak eta Lasarte-Oriak. Eta, azkenik, zesta-puntaz 3 herri lehiatuko dira, aurreko edizioko berberak.
Maiatzaren 4ko asteburuan hasiko da txapelketa, eskuzko eta gomazko paletako lehien kanporaketekin. Eta maiatzaren 11koan ekingo diete palakoari eta zesta-puntakoari.
Lehendabiziko finala larruzko paletako eta pala motzeko txapelketarena izango da, ekainaren 7ko asteburuan. Ondoren etorriko da zesta-puntakoa, ekainaren 22ko jardunaldian. Eta ekainaren 30ekoan izango dira, azkenik, eskuzkoa eta gomazko paletakoa: eskuzkoa, gainera, ETB1k eskainiko du zuzenean; ekainaren 28an izango da, 10:30ean, Donostiako Atano III.ean.
Datu historikoei erreparatuta, Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien eskuzko txapelketan, 16, hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde); Azpeitia da bigarren palmaresean, 8 txapelekin (6 bider azpitxapeldun); eta Donostia hirugarren, 6rekin (4tan txapeldunorde). Azken edizioa Oiartzunek irabazi zuen, eta Zaldibia izan zen txapeldunorde. Palaz, Donostiak ditu txapel gehien, 8 (6 aldiz izan da txapeldunorde); Andoain eta Errenteria dira ondoren palmaresean, 7 txapelekin (txapeldunorde 7 bider Andoain eta 5 Errenteria); eta Olaberria ondoren, 6 txapelekin (2tan txapeldunorde). Errenteriak irabazi zuen aurreko edizioa, eta Andoain izan zen txapeldunorde. Zesta-puntaz Zumaia da jaun eta jabe, 10 txapelekin (12 aldiz txapeldunorde); Mutriku du atzetik, 9 txapelekin (4 bider azpitxapeldun); eta Tolosa da hirugarren postuan, 4 txapelekin (6tan txapeldunorde). Azken edizioa Mutrikuk irabazi zuen, Zumaiaren aurka. Gomazko paletaz, azkenik, Azkoitia da lider sailkapenean, 3 txapelekin (ez da sekula txapeldunorde izan); atzetik da Donostia, 2rekin (2tan txapeldunorde); eta ondoren Astigarraga, txapel batekin (beste behin txapeldunorde). 2024ko edizioan Donostiak jantzi zuen txapela, eta Astigarraga izan zen txapeldunorde.
Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean egongo da eskuragarri txapelketaren inguruko informazio guztia. Eta aurkezpeneko argazkiak ikusgai Argazki galeriak txokoan. |
|