Larunbatean hasiko da Gipuzkoako Pasaka Txapelketa-Zizurkilgo Zimiterio Saria

2025/04/03 | Lehiaketa

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak eta Zizurkilgo Udalak elkarlanean antolatu dute; finala Maiatza Saltsan kultur egitarauaren barruan jokatuko da, maiatzaren 25ean, 12:00etan

Larunbatean (2025-04-05) hasiko da Gipuzkoako Pasaka Txapelketa-Zizurkilgo Zimiterio Saria, Zizurkilgo Udalak eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) elkarlanean antolatutako txapelketa. Bi erakundeek, atzo (2025-04-02) aurkeztu zituzten xehetasun guztiak jendaurrean, Zizurkilgo Zimiterioan bertan.

 

 

“Zizurkil herri pilotazalea da, eta antzinako modalitate honen berri izan genuenean, Gipuzkoako Txapelketa gure herrira ekartzea aukera paregabea iruditu zitzaigun. Gainera, Zizurkilgo Zimiterioak pasakan jolasteko ezaugarri egokiak ditu, eta horrek ere erabakia erraztu zuen”, azaldu zuen Maite Amenabar Alkorta Zizurkilgo alkateak.

 

 

Iñaki Lizaso Perez GEPFko presidente izendatu berriak hartu zuen hitza ondoren, eta pasaka "oso modalitate berezia" dela azpimarratu zuen: "Gipuzkoan oso toki gutxitan matendu da bizirik. Oiartzunen eta Zizurkilen soilik jokatzen da gaur egun, eta horrek are bereziago egiten du. Pasaka jokoa mantentzea gure kirolaren ondarea zaintzea da, eta herritarrak modalitate hau ezagutzera animatzen ditugu”.

 

 

Pasaka plaza librean jokatzen ez den joko zuzen bakarra da. Leku itxietan jokatzen da, hala nola arkupeak (zimiterioak edo udaletxeetako arkupeak), trinketak eta frontoi motzak. Modalitate hau neguko joko gisa ezagutzen da, eta eskuz nahiz eskularru motzarekin joka daiteke. Pilota sarearen gainetik pasa behar da, eta pilota goxoa erabiltzen da, trapu asko eta kizkirik gabea. Guantearekin jokatuz gero, pilota handiagoa izaten da. Sarea kantxaren erdian jartzen da, eta joko zuzen guztietan bezala, kintzeak kontatzen dira. Hala ere, pasakan ez dago arraiarik, laxoanbote luzean eta errebotean ez bezala.

 

 

Aurrez aurre pasakaz gozatu nahi duenak Zizurkilen izango du, beraz, horretarako aukera, astebururo, larunbatetik aurrera. Eskuz binaka lehiatuko dira pilotariak. Gipuzkoako Pasaka Txapelketa-Zizurkilgo Zimiterio Sariko finala herrian antolatzen duten Maiatza Saltsan kultur egitarauaren barruan jokatuko dute: maiatzaren 25ean, igandea, 12:00etan.

 

 

Lehiaketa-Federatua-G-Pasaka-Zizurkilgo Zimiterioa-Eskuz binaka txokoan aurkituko duzue txapelketaren informazio guztia.

 

 

 














 

Babesleak

Ir arriba