Bertso eta pilota hotsak Zumarragan

2025/04/10 | 100 urte

Bertso saio berezia izango da, larunbat arratsaldean, Zelai Ariztin, federazioaren mendeurreneko ospakizunekin jarraituz: Lujanbio, Fernandez, Irazu eta Azpiroz bertsolariekin eta Alberdi gai-jartzailearekin; sarrera doan da, eta ikus-entzuleek oroigarri bana jasoko dute

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren (GEPF) mendeurreneko ospakizunetan bete-betean jarraitzen dugu, eta astebururako antolatu dugun beste ekintza bat aurkeztu dugu gaur jendaurrean: bertso saio berezia. Larunbat honetan izango da, hilak 12, Zumarragako Zelai Ariztin, 17:00etan hasita. Bertan eman dituzte xehetasun guztiak Mikel Serrano Aperribay Zumarragako alkateak, Estitxu Eizagirre Kerejeta GEPFko Zuzendaritza Batzordeko kideak eta Jon Alberdi Gorostidi pilotari eta saioaren gai-jartzaileak.

 

 

Zumarragako alkate Serranok hartu du lehenik hitza: "Gure herriarentzako ohore handi bat izan da gurekin kontatzea, federazioaren mendeurrena ospatzeko gonbidapena jasotzea". Zumarragak euskal pilotarekin eta Gipuzkoako zein Euskadiko federazioekin gertuko harremana duela gogoratu du, eta "pilota afizionatuaren arloan punta-puntan" dagoela azpimarratu. "Larunbateko saioan ere punta-puntako bertsolariak izango ditugu, batzuk hemengoak", gaineratu du. Eta jendea gonbidatu du festan parte hartzera.

 

 

GEPFko Zuzendaritza Batzordeko kide Eizagirrek Zumarragako Udalari bere laguntza eta prestutasuna eskertu dio, eta baita saioa babestu duen AMPO enpresari ere. Eta bertso saioa antolatzearen zergatiaz ere mintzatu da: "Zergatik bertso saio bat? Pilota euskal kulturaren parte delako eta gure kulturaren beste adierazpen batekin bat egin nahi genuelako. Gainera, bietako zaleak beretsuak direla ere esango genuke, gertu ditugu bi munduak". 

 

 

Hala, larunbateko bertso saioan euskal pilotarekin harreman zuzena duten edo izan duten bertsolariak eta gai-jartzaile gipuzkoarrak izango ditugu:
 

    Bertsolariak:

  • Uxue Fernadez Lasa. Urtetan paletako pilotari federatua, GEPFko teknikari ohia, pilota irakaslea IVEFen gaur egun eta emakumea eta pilotaren inguruko doktore-tesia egindakoa
  • Maialen Lujanbio Zugasti, aisiako pilotaria
  • Asier Azpiroz Iztueta, pilotari federatua eta federazioko teknikari ohia
  • Jexux Mari Irazu Muñoa, pilotazalea eta bi seme pilotarien aita
     

    Gai-jartzaileak:

  • Jon Alberdi Gorostidi. Pilotaria eta eskuko pilotari profesional ohia

 

 

Alberdik berak azaldu du ez dela sekula gai-jartzaile lanetan aritu, baina bertsolaritza asko gustatu izan zaiola beti, eta saio askotara joan izan dela. Anaia Unairekin zen elkarbanatzekoa ardura hori larunbateko saioan, baina azkenean anaia gazteak ezin izango du Zumarragan egon. "Buelta batzuk eman dizkiot buruari, saioa nola prestatu pentsatzen... eta Iker Iriarteri (gai-jartzailea eta Iñaki Artola pilotariaren botileroa) esku bat botatzeko eskatu nion. Esku bat ez, bi eman dizkit hark", azaldu du, eskertuta. "Esperientzia polita" izatea espero du.

 

 

Esan bezala, 17:00etan hasiko da bertso saioa larunbatean, Zelai Ariztin. Sarrera doan izango da, eta egunean bertan lehiatilean hartu ahal izango da (aurretik gonbidapena jaso nahi izanez gero, etxebe.pilota@kirolak.net helbidera mezu bat bidal daiteke). Ikus-entzule guztiek federazioaren mendeurrena ospatzeko sortu dugun oroigarri bana jasoko dute.

 

Aurkezpena Kartela

 

 














 

Babesleak

Ir arriba