Luzean taldea txapeldun, beste behin ere
2024/10/29 | Lehiaketa
Ez zuen aurkari erraza Oiartzungo Txost taldeak, eta Donibane Lohizuneko Luzeanek irabazi du 61. Enrique Abril Errebote Txapelketako finala ere; lapurtarren 21. txapela da torneoan
Ez zuen aurkari erraza Oiartzungo Txost taldeak, eta Luzean-ek bere nagusitasuna berretsi du beste behin ere: Donibane Lohizunekoek irabazi dute 61. Enrique Abril Errebote Txapelketa, fnalean oiartzuarrei 13-4 aurrea hartuta; lapurtarren 21. txapela da. Igande goizean zen jokatzekoa finala, baina aurreko orduetako euriaren eraginez plaza oraindik bustita zegoela eta, arratsaldera pasa zen hitzordua; eta, azkenean, finalaz gozatzeko aukera izan zuten Oiartzungo Beheko Plazara bildutakoek:
Urriak 27, igandea, 15:00, Oiartzun-Beheko Plaza
LUZEAN (Mendiola, Thicoipe, Prajs T., Karrikaburu F., Karrikaburu J.) 13
32. finala zen igandekoa Luzean taldearentzat, eta 21. txapela gehitu dio bere palmaresari; gainontzeko 20ak 1963-64 (txapelketaren lehen edizioan), 1964-65, 1965-66, 1966-67, 1967-68, 1975-76, 1976-77, 1977-78, 1978-79, 2005-06, 2008-09, 2012-13, 2013-14, 2014-15, 2015-16, 2016-17, 2017-18, 2021-22, 2022-23 eta 2023-24 denboraldietan lortu zituen. Eta beste 11 aldiz izan dira txapeldunorde donibandarrak, denboraldi hauetan: 1968-69, 1972-73, 1973-74, 1982-83, 1989-90, 1993-94, 2002-03, 2006-07, 2007-08, 2011-12 eta 2018-19. Txost-entzat, berriz, lehendabiziko finala izan da hauxe (Oiartzuarrentzat bigarrena, Oiarpe taldeak finala jokatu baitzuen 2009. urtean), eta ezin izan du bere parte-hartzea borobildu bere lehen txapela etxera eramanda. Bi taldeak aurrez aurre finalean izan diren lehendabiziko aldia izan da, beraz.
Palmares orokorra gogora ekarriz, Luzean taldea da sailkapen buru, 21 txapelekin (11 aldiz txapeldunorde); atzetik ditu Aviron Bayonnais, 14 txapelekin (6 aldiz azpitxapeldun); Kapito Harri, 11rekin (8 aldiz txapeldunorde); Behar Zana eta Noizbait, 4rekin (biak 9 aldiz azpitxapeldun); Zubieta eta Endaiarrak, 2rekin (hurrenez hurren, 5 aldiz eta behin txapeldunorde); eta Yoko Garbi eta Zaharrer Segi, banarekin (lehenak 6 aldiz txapeldunorde eta bigarrenak behin). Oiarpe, Donapaleu, Sara eta Txost taldeek ez dute txapelik, baina laurak behin izan dira azpitxapeldun.
Euskal Herriko 5 talde lehiatu dira 61. Enrique Abril Errebote Txapelketan: Kanboarrak (Kanbo, Lapurdi), Kapito Harri (Uztaritze, Lapurdi), Luzean (Donibane Lohizune, Lapurdi), Txost (Oiartzun, Gipuzkoa) eta Zubieta (Zubieta, Gipuzkoa).
Lehiaketa-Federatua-Enrique Abril-Errebote nagusiak atalean dago jasota txapelketak aurten emandako guztia. |
|