Eskola adineko pilotarientzat paletako eta eskuzko topaketa bana, asteburuan

2024/10/24 | Topaketak eta ospakizunak

Benjamin eta alebin kategorietako palistak larunbat arratsaldean elkartuko dira, Azpeitian; eta igande goizean ariko dira eskuz benjamin eta alebin kategorietako neska pilotariak, Zestoan

Eskola adineko pilotarientzat topaketa gehiago izango dira asteburu honetan: hain zuzen ere, paletako eta eskuzko topaketa bana.

Aurreko larunbatean infantil kategoriako palistak elkartu ziren, Bidania-Goiatzen, eta oraingoan benjaminen eta alebinen txanda izango da; larunbat arratsaldean dute hitzordua, Urrestillan (Azpeitia).

Bestetik, eskuz aritzen diren benjamin eta alebin kategorietako neska pilotariek ere beren lehendabiziko topaketa izango dute: Zestoan elkartuko dira hauek, igande goizean.

Ondorengo lerroetan dituzue xehetasun gehiago:

 

 

PALETA (BENJAMINAK ETA  ALEBINAK)
 

Esan bezala, larunbat arratsaldean dute hitzordua benjamin eta alebin kategorietako palistek, Urrestillako (Azpeitia) Txikuri pilotalekuan.

16:00etatik 17:15era benjaminek izango dute saioa, zehazki Aiakoek eta Ordizikoek; 17:15etik 18:30era ere benjaminen txanda izango da, Azpeitiko, Errenteriako, Oiartzungo, Villabonako eta Zumaiako palistak, hain zuzen ere; eta 18:30etik 19:45era alebinak ariko dira.

Bakoitzak bere pala eraman beharko du, baina gainontzeko materiala eta baliabideak federazioak jarriko ditu.

Ez da beharrezkoa izango zuriz jantzita joatea.

 

 

ESKUA, EMAKUMEAK (BENJAMINAK ETA  ALEBINAK)
 

Nesken lehendabiziko eskuzko topaketa igande goizean izango da, Zestoako Gurutzeaga pilotalekuanBenjamin eta alebin kategorietako pilotariak daude deituta.

10:00etan hasiko dira saioak: 10:00etatik 11:15era benjaminak ariko dira, eta 11:30etik 13:00era alebinen txanda izango da.

Benjamin kategoriako 10 pilotarik eman du izena lehendabiziko topaketa honetan, eta alebin kategoriako beste 12k.

Ondorengo klubetakoak dira: Abantzu (Zestoa), Ados, Aloña Mendi (Oñati), Arrasate, Bergara, Gure Txeru (Getaria), Ilunpe (Azpeitia), Intxurre (Alegia), Izurun (Donostia), Lapke (Lazkao), Olalde (Antzuola) eta Pagazpe (Usurbil).

Pilota goxoak erabiliko dira saio guztietan, eta federazioak jarriko ditu.

Zuriz jantzita joan beharrik ez dago.

 

 

 














 

Babesleak

Ir arriba