Oiartzuarrak, Enrique Abril Errebote Txapelketako txapelaren bila

2024/10/23 | Lehiaketa

Luzean (Donibane Lohizune) eta Txost (Oiartzun) taldeek jokatuko dute 61. edizioko finala, igande goizean, Oiartzunen; Txost taldearentzat lehendabiziko finala izango da, gainera

Aurten bai, aurten izango da Gipuzkoako ordezkaritzarik Enrique Abril Errebote Txapelketaren finalean: Oiartzungo Txost taldeak finalerdia irabaztea lortu du, eta Luzeanen (Donibane Lohizune) kontra lehiatuko da asteburuan, 61. edizioaren finalean.

 

 

3-13ko emaitzarekin irabazi zuten oiartzuarrek Kapito Harri (Uztaritze) taldearen kontrako finalerdia (2024-10-19, Oiartzun), eta sari preziatua lortu, hala. Gainera, txapelketa honetan lehendabiziko finala izango da hauxe Txost taldearentzat. Igandean izango dira aurrez aurre Luzean eta Txost, 10:30etik aurrera, Oiartzungo Beheko plazan:

 

Urriak 27, igandea, 10:30, Oiartzun, Beheko plaza
 

LUZEAN (Karrikaburu F., Karrikaburu J., Prajs T., Onsalo F., Eyheramuno)
TXOST (Zabala A., Nazabal T., Muruaga J., Arruti U., Azpiroz J.)

 

 

Esan bezala, txapelketa honetan Txost-ek jokatuko duten lehendabiziko finala izango da aurtengoa. Oiartzuarrentzat, hala ere, bigarrena izango da, Oiarpe taldeak finala jokatu baitzuen 2009. urtean. Kapito Harriren kontra neurtu zituzten indarrak orduan, eta 13-5 galdu zuten haien aurka.

Luzean taldeak, berriz, 31 final jokatu ditu Enrique Abril Errebote Txapelketan (igandekoa 32.a izango da). 20 aldiz jantzi dute txapela donibandarrek, azken hiru edizioetan, besteak beste: 1963-64 (lehen edizioan), 1964-65, 1965-66, 1966-67, 1967-68, 1975-76, 1976-77, 1977-78, 1978-79, 2005-06, 2008-09, 2012-13, 2013-14, 2014-15, 2015-16, 2016-17, 2017-18, 2021-22, 2022-23 eta 2023-24 denboraldietan, hain justu. Eta beste 11 aldiz izan dira txapeldunorde, denboraldi hauetan: 1968-69, 1972-73, 1973-74, 1982-83, 1989-90, 1993-94, 2002-03, 2006-07, 2007-08, 2011-12 eta 2018-19.

Bi taldeek, beraz, ez dute sekula jokatu elkarren aurka txapelketa honetan.

 

 

Talde gipuzkoar batek finala jokatu zuen azken aldia 2021-22 denboraldia izan zen: Behar Zanak (Amasa-Villabona), hain zuzen ere. Hain justu, Luzean taldearen kontra galdu zuen, 13-2ko emaitzarekin.

 

 

Palmares orokorra ekarri dugu gogora lerrootan: Luzean taldea da sailkapen buru, 20 txapelekin (11 aldiz txapeldunorde); atzetik ditu Aviron Bayonnais, 14 txapelekin (6 aldiz azpitxapeldun); Kapito Harri, 11rekin (8 aldiz txapeldunorde); Behar Zana eta Noizbait, 4rekin (biak 9 aldiz azpitxapeldun); Zubieta eta Endaiarrak, 2rekin (hurrenez hurren, 5 aldiz eta behin txapeldunorde); eta Yoko Garbi eta Zaharrer Segi, banarekin (lehenak 6 aldiz txapeldunorde eta bigarrenak behin). Oiarpe, Donapaleu eta Sara taldeek ez dute txapelik, baina hirurak behin izan dira azpitxapeldun.

 

 

Euskal Herriko 5 talde lehiatu dira 61. Enrique Abril Errebote Txapelketan: Kanboarrak (Kanbo, Lapurdi), Kapito Harri (Uztaritze, Lapurdi), Luzean (Donibane Lohizune, Lapurdi), Txost (Oiartzun, Gipuzkoa) eta Zubieta (Zubieta, Gipuzkoa).

 

 

Lehiaketa-Federatua-Enrique Abril-Errebote nagusiak atalean kontsulta daiteke txapelketaren inguruko informazioa. 

 

Kartela

 

 






Babesleak

Ir arriba