Eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa, prest
2024/10/15 | Lehiaketa
Alebin (2. urtea) eta infantil (1. eta 2. urtea) kategorietako 350 pilotari baino gehiagok ekingo dio, jardunaldi honetan, Errendimenduko Ibilbideko lehendabiziko lehiari; abendu bukaeran izango dira ikusgai finalak
Prest da eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa: alebin (2. urtea) eta infantil (1. eta 2. urtea) kategorietako 350 pilotari baino gehiagok ekingo dio lehiari, jardunaldi honetan (2024-10-20).
Errendimenduko Ibilbideko denboraldiko lehendabiziko txapelketa izango da hauxe, eskuzko espezialitateari dagokionean, eta urte bukaerara arte iraungo du. Ondoren, urte berriarekin batera eta udaberrira arte, eskuz binakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da. Eta, azkenik, udaberrian hasi eta ekainera bitarte, beste bi lehia izango dira: Errendimenduko Udaberri Saria, eskuz binaka, eta Berezkoen Gipuzkoako Txapelketa, eskuz banaka.
Esan bezala, lehendabiziko txapelketa honetan buruz buru lehiatuko dira pilotariak (baina beti ere klubaren izenean).
2. urteko alebinek eta 1. eta 2. urteko infantilek hartuko dute parte txapelketan. Alebinetan 128 pilotarik eman du izena, eta bi mailatan lehiatuko dira: 46 pilotari 1. mailan eta 82 2. mailan; eta infantiletan 228 pilotarik jokatuko dute, 3 mailatan banatuta: 44 1. mailan, 141 2. mailan eta 43 3.mailan.
Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute guztiek, urriaren 20ko jardunaldian hasi eta azaroaren 17kora bitartean. Eta denek jarraituko dute aurrera, bigarren fasera, kanporaketena: maila guztietan, multzo bakoitzeko 1. eta 2. sailkatuek Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, eta gainontzekoek eskualdeko lehiak: Ekialdeko Txapelketa eta Mendebaldekoa.
Final guztiak, bai Gipuzkoakoak bai bi eskualdeetakoak, abenduaren 29ko asteburuan izango dira ikusgai, oraindik zehazteko dauden egoitzetan.
Webgune honetako Lehiaketa-Errendimendua-Gipuzkoa Eskuz banaka atalean aurki daitezke txapelketaren inguruko xehetasun guztiak. |
|