Herriartekoa: azken jardunaldia zesta-puntaz eta finalerdiei ekingo diete eskuz eta gomazko paletaz
2024/06/13 | Lehiaketa
Zesta-puntako ligaxkako azken jardunaldia jokatuko duten bi herriak dagoeneko sailkatu dira finalera: Mutriku eta Zumaia; Zaldibia vs Bergara eta Oiartzun vs Beasain izango dira asteburuan jokatuko diren eskuzko finalerdien joanekoak; gomazko paletakoak, Aia vs Astigarraga eta Mutriku vs Donostia
Palako lehia bukatu berri da, eta gainontzekoei ere ez zaie asko falta 2024ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan. Zesta-puntaz, esaterako, ligaxkako azken jardunaldia jokatuko dute Zumaiak eta Mutrikuk, eta atseden izango du Hondarribiak. Emaitza edozein dela ere, finalean dira dagoeneko bi herriak. Eskuz, finalerdiei ekingo diete Beasainek, Bergarak, Oiartzunek eta Zaldibiak, final-laurdenetako kanporaketa gainditu baitute Azpeitiaren (4-2), Ataunen (3[94]-3[82]), Hernaniren (2-4) eta Andoainen (3[102]-3[96]) kontra irabazita, hurrenez hurren. Zaldibia vs Bergara eta Oiartzun vs Beasain izango dira joaneko jaialdiak. Gomazko paletaz ere, finalerdien joanekoak jokatuko dituzte, eta Aia, Astigarraga, Donostia eta Mutriku sailkatu dira; hurrenez hurren, Hernani (4-2), Zestoa (2-4), Tolosa (3[101]-3[112]) eta Zumarraga (2-4) utzi dituzte bidean. Aia vs Astigarraga eta Mutriku vs Donostia izango dira joaneko aurrez aurrekoak. Albiste honi erantsitako dokumentuetan ikus daitezke egutegi guztiak.
Hauxe da, hain zuzen ere, jardunaldi honetako kartelera:
EKAINAK 14, OSTIRALA - 18:00, Aia-Udalekoa: AIA vs ASTIGARRAGA (gomazko paleta, finalerdiak, joanekoa) - 18:30, Zaldibia: ZALDIBIA vs BERGARA (eskua, finalerdiak, joanekoa) - 19:15, Zumaia-Aitzuri: ZUMAIA vs MUTRIKU (zesta-punta, ligaxka, azken jardunaldia) - 20:00, Mutriku-Miruaitz: MUTRIKU vs DONOSTIA (gomazko paleta, finalerdiak, joanekoa)
EKAINAK 16, IGANDEA - 17:00, Oiartzun-Madalensoro: OIARTZUN vs BEASAIN (eskua, finalerdiak, joanekoa)
Txapelketaren hurrengo finala zesta-puntakoa izango da, ekainaren 23ko asteburuan; esan bezala, Mutrikuk eta Zumaiak jokatuko dute. Gomazko paletako finala ekainaren 30eko jardunaldian izango da ikusgai. Eta eskuzkoa ekainaren 29an, larunbata, 16:30ean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.
18 herrik eman zuten izena aurten eskuzko lehian, 6k larruzko paletaz eta pala motzez, 14k gomazko paletaz eta 3 zesta-puntaz. Denera, 41 herri eta 443 pilotari elkartu ditu txapelketak: 234 eskuz, 52 palaz, 115 gomazko paletaz eta 42 zesta-puntaz.
Eskuzko txapelketaren 56. edizioa da aurtengoa, 33.a larruzko paletaz eta pala motzez, 26.a zesta-puntaz eta 6.a gomazko paletaz.
Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien eskuzko txapelketan, 16, hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde); Azpeitia da bigarren palmaresean, 8 txapelekin (6 bider azpitxapeldun); eta Donostia hirugarren, 6rekin (4tan txapeldunorde). Azken edizioa Oiartzunek irabazi zuen, eta Azpeitia izan zen txapeldunorde. Palaz, Donostiak ditu txapel gehien, 8 (6 aldiz izan da txapeldunorde); Andoain eta Errenteria dira bigarren palmaresean, 7na txapelekin (6 bider txapeldunorde Andoain eta 5 Errenteria); Olaberria ondoren, 6 txapelekin (2tan txapeldunorde); gero Oiartzun, 3kin (7 aldiz txapeldunorde); eta Ordizia eta Zarautz, txapel banarekin (2 aldiz izan da azpitxapeldun Ordizia eta behin ere ez Zarautz). Debak eta Altzok ez dute txapelik, baina 3 final jokatu ditu Debak eta 1 Altzok. Errenteriak irabazi du 2024ko edizioa, eta Andoain izan da txapeldunorde. Zesta-puntaz Zumaia da jaun eta jabe, 10 txapelekin (11 aldiz txapeldunorde); Mutriku du atzetik, 8 txapelekin (4 bider azpitxapeldun); eta Tolosa da hirugarren postuan, 4 txapelekin (6tan txapeldunorde). Azken edizioa Mutrikuk irabazi zuen, eta Hondarribia sailkatu zen bigarren. Gomazko paletaz, azkenik, Azkoitia da lider sailkapenean, 3 txapelekin (ez da sekula txapeldunorde izan). Eta atzetik dira Donostia eta Astigarraga, txapel banarekin (2tan izan da txapeldunorde Donostia, eta behin ere ez Astigarraga). Ondoren ageri dira Azpeitia, Tolosa eta Mutriku; ez dute txapelik, baina hirurak izan dira behin azpitxapeldun. 2023ko edizioan Astigarragak jantzi zuen txapela, eta Mutriku izan zen txapeldunorde.
Rural Kutxa eta Aramendia pasteleria dira 2024ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren babesleak.
Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean eskuragarri dago txapelketaren inguruko informazio guztia.
*Argazkiak: Beasain eta Mutriku. |
|