Azken txanpan sartu da Herriarteko Pala Txapelketa
2024/05/22 | Lehiaketa
Finalerdiei ekingo diete jardunaldi honetan larruzko paleta eta pala motzeko lehian, Andoainek eta Ordiziak batetik eta Errenteriak eta Donostiak bestetik; eskuz eta gomazko paletaz, final-laurdenetara zein herri sailkatuko diren jakingo dugu; eta zesta-puntaz, ligaxkako 3. jardunaldia jokatuko dute
Azken txanpan sartu da Gipuzkoako Herriarteko Pala Txapelketa. Hain zuzen ere, finalerdiei ekingo diete jardunaldi honetan: Errenteria eta Andoain sailkatu dira final-laurdenetatik, eta Donostia eta Ordizia zituzten zain, kanporaketen zozketak hala erabakita. Andoain eta Ordizia izango dira aurrez aurre alde batetik, eta Errenteria eta Donostia bestetik. Gainontzeko espezialitateetako lehiak ere badoaz aurrera. Eskuz, esaterako, final-laurdenetara zein herri pasatuko diren jakingo dugu asteburu honetan, final-zortzirenen itzulerako jaialdiak jokatuko baitituzte Altzok eta Zaldibiak, Zestoak eta Beasainek, Amezketak eta Bergarak eta Azkoitiak eta Hernanik. Joanekoetan 2-1 irabazi zion Zaldibiak Altzori, Beasainek Zestoari eta Bergarak Amezketari, eta 3-0 nagusitu zitzaion Hernani Azkoitiari. Gomazko paletaz ere, final-laurdenetarako sailkapena argituko da jardunaldi honetan: final-zortzirenen itzulerako jaialdiak jokatuko dituzte Zestoak eta Errenteriak, Zumarragak eta Zarautzek, Oiartzunek eta Tolosak eta Andoainek eta Aiak. 1-2 irabazi zion Errenteriak Zestoari joanekoan, 1-2 Zumarragak Zarautzi, 3-0 nagusitu zen Tolosa Oiartzunen kontra eta 2-1 irabazi zion Aiak Andoaini. Zesta-puntaz, azkenik, ligaxkako hirugarren jardunaldia jokatuko dute Mutrikuk eta Zumaiak, eta atseden jardunaldia izango du Hondarribiak. Albiste honi erantsitako dokumentuetan ikus daitezke egutegi guztiak.
Hauxe da, hain zuzen ere, asteburuko kartelera:
MAIATZAK 24, OSTIRALA
- 18:00, Altzo-Altzo Muino: ALTZO vs ZALDIBIA (eskua, final-zortzirenak, itzulerakoa) - 19:00, Zestoa-Gurutzeaga: ZESTOA vs BEASAIN (eskua, final-zortzirenak, itzulerakoa) - 19:00, Amezketa-Larrunarri: AMEZKETA vs BERGARA (eskua, final-zortzirenak, itzulerakoa) - 19:15, Errenteria-Agustina Otaola: ERRENTERIA vs DONOSTIA (larruzko paleta eta pala motza, finalerdiak, joanekoa) - 19:15, Andoain-Arrate: ANDOAIN vs ORDIZIA (larruzko paleta eta pala motza, finalerdiak, joanekoa) - 20:00, Itziar-Udalekoa: ZESTOA vs ERRENTERIA (gomazko paleta, final-zortzirenak, itzulerakoa) - 20:00, Mutriku-Miruaitz: MUTRIKU vs ZUMAIA (zesta-punta, ligaxka, 3. jardunaldia) - 20:00, Zumarraga-Beloki: ZUMARRAGA vs ZARAUTZ (gomazko paleta, final-zortzirenak, itzulerakoa) - 22:00, Azkoitia-Gurea: AZKOITIA vs HERNANI (eskua, final-zortzirenak, itzulerakoa)
MAIATZAK 25, LARUNBATA - 10:30, Oiartzun-Haurtzaro: OIARTZUN vs TOLOSA (gomazko paleta, final-zortzirenak, itzulerakoa) - 11:30, Andoain-Arrate: ANDOAIN vs AIA (gomazko paleta, final-zortzirenak, itzulerakoa)
18 herri ari dira aurten eskuzko lehian, 6 larruzko paletaz eta pala motzez, 14 gomazko paletaz eta 3 zesta-puntaz. Denera, 41 herri eta 443 pilotari elkartuko ditu txapelketak (234 eskuz, 52 palaz, 115 gomazko paletaz eta 42 zesta-puntaz):
ESKUA
LARRUZKO PALETA ETA PALA MOTZA
GOMAZKO PALETA
ZESTA-PUNTA
Eskuz, herri bat gehiago ari da lehiatzen aurtengo edizioan, 18: ez daude Larraul eta Zumarraga; baina Amasa-Villabona, Astigarraga eta Beasain batu dira zerrendara. Palako lehian, 6 herri dira, aurrekoan baino bat gutxiago: Azpeitia izan da baja; eta ez da egon talde berririk. Gomazko paletaz, iazko kopuru bera da, 14, baina bada aldaketarik parte-hartzaileei dagokionean: aurten ez dute jokatuko Anoetak eta Azkoitiak; eta bai, ordea, Aiak eta Errenteriak. Eta, azkenik, zesta-puntaz 3 herri ari dira lehiatzen, aurreko edizioko berberak.
Lehendabiziko finala larruzko paletako eta pala motzeko txapelketarena izango da: ekainaren 9an, igandea, jokatuko da, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan. Ondoren etorriko da zesta-puntakoa, ekainaren 23ko jardunaldian. Eta ekainaren 30ekoan izango dira, azkenik, eskuzkoa eta gomazko paletakoa: eskuzkoa larunbatean, ekainak 29, Donostiako Atano III.ean; eta gomazko paletakoa oraindik zehazteko dagoen egun eta egoitzan.
Eskuzko txapelketaren 56. edizioa da aurtengoa, 33.a larruzko paletaz eta pala motzez, 26.a zesta-puntaz eta 6.a gomazko paletaz. Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien eskuzko txapelketan, 16, hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde); Azpeitia da bigarren palmaresean, 8 txapelekin (6 bider azpitxapeldun); eta Donostia hirugarren, 6rekin (4tan txapeldunorde). Azken edizioa Oiartzunek irabazi zuen, eta Azpeitia izan zen txapeldunorde. Palaz, Donostiak ditu txapel gehien, 8 (6 aldiz izan da txapeldunorde); Andoain da bigarren palmaresean, 7 txapelekin (txapeldunorde 6 bider); eta Errenteria eta Olaberria ondoren, 6na txapelekin (5 aldiz izan dira txapeldunorde errenteriarrak, eta 2tan olaberriatarrak). Donostiak irabazi zuen aurreko edizioa, eta Errenteria izan zen txapeldunorde. Zesta-puntaz Zumaia da jaun eta jabe, 10 txapelekin (11 aldiz txapeldunorde); Mutriku du atzetik, 8 txapelekin (4 bider azpitxapeldun); eta Tolosa da hirugarren postuan, 4 txapelekin (6tan txapeldunorde). Azken edizioa Mutrikuk irabazi zuen, eta Hondarribia sailkatu zen bigarren. Gomazko paletaz, azkenik, Azkoitia da lider sailkapenean, 3 txapelekin (ez da sekula txapeldunorde izan). Eta atzetik dira Donostia eta Astigarraga, txapel banarekin (2tan izan da txapeldunorde Donostia, eta behin ere ez Astigarraga). Ondoren ageri dira Azpeitia, Tolosa eta Mutriku; ez dute txapelik, baina hirurak izan dira behin azpitxapeldun. 2023ko edizioan Astigarragak jantzi zuen txapela, eta Mutriku izan zen txapeldunorde.
Rural Kutxa eta Aramendia pasteleria dira 2024ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren babesleak.
Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean eskuragarri dago txapelketaren inguruko informazio guztia.
*Argazkiak: Andoain eta Altzo. |
|