Errendimenduko beste bi txapelketa hasiko dira asteburuan
2024/05/07 | Lehiaketa
Larruzko paletako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa eta paletako (ikus pilotarekin) Errendimenduko Udaberri Saria hasiko dira jardunaldi honetan; infantil kategoriako palistek jokatuko dute bietan
Errendimenduko beste bi txapelketa hasiko dira asteburu honetan (2024-05-12), biak ere infantil kategoriako pilotariekin: larruzko paletako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa eta paletako (ikus pilotarekin) Errendimenduko Udaberri Saria.
Larruzko paletako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketan, bost talde lehiatuko dira: Behar Zana, Lapke, Oiangu, Txulobi eta Zumaia. Esan bezala, infantil kategoriako pilotariek hartuko dute parte lehia honetan, binaka. Itzuli bateko ligaxka jokatuko dute, maiatzaren 12ko jardunaldian hasi eta ekainaren 9kora bitartean. Partida guztiak larunbat arratsaldetan izango dira, hainbat egoitzatan: maiatzaren 11n Ordizian, 18an Zumaian, 25ean Villabonan, ekainaren 1ean Azpeitian eta 8an Donostia-Altzan. Ligaxkako lehen hiru sailkatuek jokatuko dute azken fasea. Ekainaren 15ean jokatuko dute finalerdia, eta ekainaren 22an finala. Xehetasun gehiago, Lehiaketa-Errendimendua-Gipuzkoa-Paleta larruz-Infantilak atalean.
Paletako (ikus) Errendimenduko Udaberri Sarian, bestalde, hiru talde lehiatuko dira: Altzatarra, Ilunpe eta Intxurre. Kasu honetan ere infantil kategoriako palistek jokatuko dute, binaka. Joan-etorriko ligaxkarekin ekingo diote txapelketari, maiatzaren 12ko jardunaldian, eta ekainaren 16kora bitarte jardungo dute. Partida guztiak larunbat arratsaldez izango dira, hainbat egoitzatan: maiatzaren 11n Ordizian, 18an Zumaian, 25ean Villabonan, ekainaren 1ean Azpeitian, 8an Donostia-Altzan eta 15ean Olaberrian. Ligaxka lehen bi postuetan bukatzen duten bi taldeek finalerako zuzeneko sailkapena lortuko dute. Ekainaren 22an jokatuko dute finala, oraindik zehazteko dagoen egoitzan. Informazio guztia, Lehiaketa-Errendimendua-Udaberri-Paleta (ikus)-Infantilak txokoan. |
|