Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, abiatzeko prest

2024/04/25 | Lehiaketa

Pilotariak, ordezkariak, babesleak eta erakundeak elkartu dira aurkezpenean, eta jendaurreko zozketak kanporaketak erabakita utzi ditu; maiatzaren 5eko asteburuan hasiko dira eskuzko eta gomazko paletako lehiak, eta maiatzaren 12koan gehituko zaizkie palakoa eta zesta-puntakoa; 41 herritako 443 pilotari elkartuko ditu txapelketak

Dena dago prest 2024ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari hasiera emateko. Atzo iluntzean (2024-04-24) egin genuen aurkezpen ekitaldia eta kanporaketen zozketa, Donostiako Kirol Etxean, parte hartuko duten herrietako ordezkari eta pilotari askok lagunduta. Itziar Lete Andonegi Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren (GEPF) presidenteak gidatu zuen saioa, eta alboan izan zituen bi babesleen ordekariak, Rural Kutxako Iñigo Calafell eta Aramendia pasteleriako Jagoba Ezama.

 

 

 

Gipuzkoako klub guztiei eskerrak emanez eta haien lana goraipatuz zabaldu zuen ekitaldia Letek, eta erakundeen eta babesleen laguntza azpimarratu. "Oso harro nago talde honen parte izateaz, eta oso pozik denoi esker euskal pilota Gipuzkoan bizirik mantentzen dugulako", adierazi zuen GEPFko presidenteak.

Aramendia pasteleriako ordezkariari eman zion hitza ondoren, eta Ezamak "ilusio berezia" sentitzen duela azaldu zuen: "Txiki-txikitatik jarraitu dudan txapelketa da, berezia niretzat. Herriz herri gabiltza gu ere, eta sentitzen genuen hor egon behar genuela". Zorte ona opa zien parte-hartzaile guztiei.

Rural Kutxako Iñigo Calafell ere pozik azaldu zen bigarren urtez elkalanean aritzeagatik: "Gure etxean oso garrantzitsua da gure kirola eta gure ohiturak bultzatzea eta babestea, eta iazko esperientziarekin gustura, ez genuen zalantzarik izan lankidetzarekin jarraitzeko". Gainera, pilotariei jakinarazi zien, aurreko edizioan bezala, hitzarmena sinatu dutela Pilotadendarekin, eta 60€ko txartela izango dutela bertan gastatzeko. 

 

 

 

Aurtengo edizioaren hainbat xehetasun eman eta gero, kanporaketen zozketari ekin zioten mahaikideek, pilotariak eta ordezkariak adi-adi zituztela. Hain zuzen ere, albiste honi erantsitako dokumentuetan ikus daitezke zozketa horrek erabakitakoak.

 

 

 

Eskuzko txapelketaren 56. edizioa izango da aurtengoa, 33.a larruzko paletaz eta pala motzez, 26.a zesta-puntaz eta 6.a gomazko paletaz.

 

 

 

18 herrik eman du izena eskuzko lehian, 6 ariko dira larruzko paletaz eta pala motzez, 14 gomazko paletaz eta 3 zesta-puntaz. Denera, 41 herri eta 443 pilotari elkartuko ditu txapelketak (234 eskuz, 52 palaz, 115 gomazko paletaz eta 42 zesta-puntaz): 

 

ESKUA

  1. Aduna
  2. Altzo
  3. Amasa-Villabona
  4. Amezketa
  5. Andoain
  6. Astigarraga
  7. Ataun
  8. Azkoitia
  9. Azpeitia
  10. Besain
  11. Bergara
  12. Hernani
  13. Idiazabal
  14. Oiartzun
  15. Oñati
  16. Tolosa
  17. Zaldibia
  18. Zestoa

 

LARRUZKO PALETA ETA PALA MOTZA

  1. Andoain
  2. Deba
  3. Donostia
  4. Errenteria
  5. Oiartzun
  6. Ordizia

 

GOMAZKO PALETA

  1. Aia
  2. Andoain
  3. Astigarraga
  4. Deba
  5. Donostia
  6. Errenteria
  7. Hernani
  8. Mutriku
  9. Oiartzun
  10. Tolosa
  11. Zarautz
  12. Zestoa
  13. Zumaia
  14. Zumarraga

 

ZESTA-PUNTA

  1. Hondarribia
  2. Mutriku
  3. Zumaia

 

Eskuz, herri bat gehiago lehiatuko da aurtengo edizioan, 18: ez dira izango Larraul eta Zumarragabaina Amasa-Villabona, Astigarraga eta Beasain batu dira zerrendara

Palako lehian, 6 herri izango dira, aurrekoan baino bat gutxiago: Azpeitia da baja; eta ez dago talde berririk.

Gomazko paletaz, iazko kopuru bera izango da, 14, baina bada aldaketarik parte-hartzaileei dagokionean: aurten ez dute jokatuko Anoetak eta Azkoitiak; eta bai, ordea, Aiak eta Errenteriak.

Eta, azkenik, zesta-puntaz 3 herri lehiatuko dira, aurreko edizioko berberak.

 

 

 

Maiatzaren 5eko asteburuan hasiko da txapelketa, eskuzko eta gomazko paletako lehien kanporaketekin. Eta maiatzaren 12koan ekingo diete palakoari eta zesta-puntakoari.

 

 

 

Lehendabiziko finala larruzko paletako eta pala motzeko txapelketarena izango da, ekainaren 9ko asteburuan. Ondoren etorriko da zesta-puntakoa, ekainaren 23ko jardunaldian. Eta ekainaren 30ekoan izango dira, azkenik, eskuzkoa eta gomazko paletakoaeskuzkoa larunbatean, ekainak 29, Donostiako Atano III.ean; eta gomazko paletakoa oraindik zehazteko dagoen egun eta egoitzan.

 

 

 

Datu historikoei erreparatuta, Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien eskuzko txapelketan, 16, hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde); Azpeitia da bigarren palmaresean, 8 txapelekin (6 bider azpitxapeldun); eta Donostia hirugarren, 6rekin (4tan txapeldunorde). Azken edizioa Oiartzunek irabazi zuen, eta Azpeitia izan zen txapeldunorde.

Palaz, Donostiak ditu txapel gehien, 8 (6 aldiz izan da txapeldunorde); Andoain da bigarren palmaresean, 7 txapelekin (txapeldunorde 6 bider); eta Errenteria eta Olaberria ondoren, 6na txapelekin (5 aldiz izan dira txapeldunorde errenteriarrak, eta 2tan olaberriatarrak). Donostiak irabazi zuen aurreko edizioa, eta Errenteria izan zen txapeldunorde.

Zesta-puntaz Zumaia da jaun eta jabe, 10 txapelekin (11 aldiz txapeldunorde); Mutriku du atzetik, 8 txapelekin (4 bider azpitxapeldun); eta Tolosa da hirugarren postuan, 4 txapelekin (6tan txapeldunorde). Azken edizioa Mutrikuk irabazi zuen, eta Hondarribia sailkatu zen bigarren.

Gomazko paletaz, azkenik, Azkoitia da lider sailkapenean, 3 txapelekin (ez da sekula txapeldunorde izan). Eta atzetik dira Donostia eta Astigarraga, txapel banarekin (2tan izan da txapeldunorde Donostia, eta behin ere ez Astigarraga). Ondoren ageri dira Azpeitia, Tolosa eta Mutriku; ez dute txapelik, baina hirurak izan dira behin azpitxapeldun. 2023ko edizioan Astigarragak jantzi zuen txapela, eta Mutriku izan zen txapeldunorde.

 

 

 

Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean egongo da eskuragarri txapelketaren inguruko informazio guztia. Eta aurkezpeneko argazkiak ikusgai Argazki galeriak txokoan.

 

 

 














Babesleak

Ir arriba