Martxan da Euskal Pilota Egokituko XIV. Gipuzkoako Txapelketa
2024/02/01 | Lehiaketa
Larunbatean hasiko da, Tolosan; bi kategoria izango ditu: adimen urritasuneko teniseko paleta txapelketa, eta urritasun fisikoko kirolarien gomazko paleta txapelketa gurpil aulkian; inoizko parte-hartzaileena izango da aurtengoa, 31 pilotari lehiatuko baitira; buruz buruko finalak martxoaren 23an izango dira, Oņatin, eta binakakoak maiatzaren 18an, Donostian
Larunbatean (2024-02-03) hasiko da Euskal Pilota Egokituko XIV. Gipuzkoako Txapelketa, Tolosan. Atzo (2024-01-31) aurkeztu zuten Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak (GKEF) elkarlanean antolatutako txapelketa, Tolosan bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Tolosako Udalaren, eta parte hartuko duten pilotari eta teknikarien presentziarekin.
Bi kategoria izango ditu txapelketak: batetik, adimen urritasuna duten kirolariena; eta, bestetik, urritasun fisikoa duten kirolariena. Buruz buru zein binaka ariko dira. Lehendabizikoek paletaz jokatuko dute, teniseko pilotarekin; eta bigarrenek gomazko paletaz, gurpil aulkian.
14. edizio hau inoizko parte-hartzaileena izango da; 31 pilotari lehiatuko dira, horietako 5 emakumeak:
Gomazko paleta gurpil aulkian (urritasun fisikoa)
Esan bezala, larunbatean hasiko da lehia, Tolosako Beotibar pilotalekuan, goizez (10:00-14:00) eta arratsaldez (15:30-19:00). Goizean, binakako txapelketako jardunaldia jokatuko dute gomazko paletaz gurpil aulkian eta buruz buruzko jardunaldia teniseko paletaz, eta arratsaldean berriz ere teniseko paletako buruz buruko partidak ikusteko aukera izango da. Gainontzeko jardunaldiak Hernanin, Oñatin, Azkoitian, Seguran eta Donostian izango dira. Maiatzean bukatuko da txapelketa. Hain zuzen ere, martxoaren 23an, buruz buruko finalak jokatuko dituzte, Oñatin. Eta maiatzaren 18an, binakako finalak, Donostian.
"Kirola eta inklusioa bateratzea, indartzea eta sustatzea, errespetua, berdintasuna eta aniztasuna oinarri hartuta, ekitatezko aukerak eskainiz eta jarduerak denon beharretara egokituz". Hauxe da, hain zuzen ere, Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketaren xedea. Zorte on guztioi eta ondo pasa!
*Argazkia: Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa. |
|