Eskola adineko neska pilotarien eskuzko laugarren topaketa, igandean, Beasainen
2024/01/25 | Topaketak eta ospakizunak
Benjamin, alebin eta infantil kategorietako 35 bat pilotari elkartuko dira, goizean, Antzizar pilotalekuan
![]() Benjamin, alebin eta infantil kategorietako neska pilotariek elkartzeko aukera izango dute, beste behin ere, asteburu honetan, haiei zuzendutako eskuzko laugarren topaketa antolatu baitugu (urriaren 22an izan zuten lehendabizikoa, Villabonan; azaroaren 19an bigarrena, Zaldibian; eta abenduaren 17an hirugarrena, Donostian). Oraingo honetan Beasaingo Antzizar pilotalekua izango da topalekua, igande goizean.
35 pilotarik eman du izena hitzordurako.
09:45ean hasiko dira saioak: 09:45etik 11:00etara parte-hartzeko ibilbideko alebinak eta infantilak ariko dira (17 pilotari); 11:00etatik 12:00etara parte-hartzeko benjaminen txanda izango da (9 pilotari); eta 12:00etatik 13:30era errendimenduko infantilen saioa izango da (beste 9 pilotari).
Hainbat klubetako neska pilotariek hartuko dute parte, besteak beste: Abantzu (Zestoa), Albiztur, Aloña Mendi (Oñati), Azkoitia, Behar Zana (Amasa-Villabona), Bergara, Eple (Errenteria), Gaztelupe (Zaldibia), Intxurre (Alegia), Intza (Lasarte-Oria), Lapke (Lazkao), Mundarro (Astigarraga), Murumendi (Beasain), Olalde (Antzuola), Pagazpe (Usurbil), Tolosa, Txulobi (Aduna) eta Ziotza (Zizurkil).
Aurreko topaketen ildotik joango da igandekoa ere: jolasak, dinamikak, partidatxoak... egingo dituzte. Pilota goxoak erabiliko dituzte, eta federazioak jarriko ditu. Eta ez dago zuriz jantzita joan beharrik. |
|