Eskola adineko neska pilotarien eskuzko bigarren topaketa, igandean, Zaldibian
2023/11/17 | Topaketak eta ospakizunak
Benjamin, alebin eta infantil kategorietako 45 bat neska pilotari elkartuko dira
Eskola adineko neska pilotariak eskuzko bigarren topaketan elkartuko dira, igande goizean (2023-11-19), Zaldibian (urriaren 22an izan zuten lehendabiziko topaketa, eta abenduaren 17rako aurreikusten da hirugarrena).
Eskuz aritzen diren benjamin, alebin eta infantil kategorietako 40 neska pilotari baino gehiagok eman du izena hitzordurako: zehazki, 12 benjamin, 21 alebin eta 11 infantil.
09:30ean hasiko dira saioak, Zaldibiko pilotalekuan: 09:30etik 10:30era infantilak ariko dira, errendimendukoak zein parte-hartzeko ibilbidekoak; 10:30etik 11:30era errendimenduko alebinen txanda izango da; 11:30etik 12:30era parte-hartzeko alebinen saioa izango da; eta 12:30etik 13:30era parte-hartzeko benjaminak bilduko dira.
Hainbat klubetako neska pilotariek hartuko dute parte, besteak beste: Abantzu (Zestoa), Albiztur, Aloña Mendi (Oñati), Behar Zana (Amasa-Villabona), Bergara, Eple (Errenteria), Gaztelupe (Zaldibia), Intxurre (Alegia), Lagunak (Elgoibar), Lapke (Lazkao), Mundarro (Astigarraga), Murumendi (Beasain), Oiarpe (Oiartzun), Olalde (Antzuola), Ospele (Orio), Pagazpe (Usurbil), Tolosa eta Ziotza (Zizurkil).
Jolasak, dinamikak, partidatxoak... denetik probatuko dute guztiek. Pilota goxoak erabiliko dituzte saio guztietan, eta federazioak jarriko ditu. Ez da beharrezkoa izango zuriz jantzita joatea. |
|