Luzean eta Kapito Harri taldeek jokatuko dute Enrique Abril Errebote Txapelketako finala
2023/10/10 | Lehiaketa
Oiartzungo Txost taldeak galdu egin du finalerdia eta, hortaz, ez da Gipuzkoako ordezkaririk izango finalean; 10:30ean hasiko da lapurtarren arteko aurrez aurrekoa, Villabonako Errebote plazan
[EGUNERATZEA]
Enrique Abril Errebote Txapelketako finala, atzeratuta. Luzean taldeko Onsalo sakalariak buruan pilotakada jaso eta bertan behera gelditu zen partida (markagailuan Luzean 3 / Kapito Harri 2 irakurtzen zela). Zorionez, pilotaria onik dago. Azaroaren 5ean berrekingo diote finalari, 10:30ean, Villabonan.
_______________________________________________________________________________________
Aurten ere ez da Gipuzkoako ordezkaririk izango Enrique Abril Errebote Txapelketako finalean. Izan ere, Txost-ek (Oiartzun) galdu egin du Luzean taldearen (Donibane Lohizune) kontra Villabonan jokatutako finalerdia (2023-10-08), 5-13ko emaitzarekin, eta Zubietak (Txost-en aurka galduta) eta Villabonako Behar Zanak (Uztaritzeko Kapito Harri taldearen kontrakoan ez agertzea eginda) final-laurdenetan esan zioten agur txapelketari. Beste finalerdian, Zubietan (2023-10-07), Kapito Harri taldeak 6-13 irabazi dio Kanboarrak taldeari. Beraz, lapurtarren arteko finala izango da ikusgai 60.edizioan.
Eguraldia lagun, igandean jokatuko dute finala donibandarrek eta uztariztarrek, Villabonako Errebote plazan:
Urriak 15, igandea, 10:30, Villabona-Errebote plaza LUZEAN (Donibane Lohizune) vs KAPITO HARRI (Uztaritze)
Luzean taldeak 30 final jokatu ditu Enrique Abril Errebote Txapelketan (igandekoa 31.a izango da). 19 aldiz jantzi dute txapela donibandarrek: 1963-64, 1964-65, 1965-66, 1966-67, 1967-68, 1975-76, 1976-77, 1977-78, 1978-79, 2005-06, 2008-09, 2012-13, 2013-14, 2014-15, 2015-16, 2016-17, 2017-18, 2021-22 eta 2022-23 denboraldietan, hain justu. Eta beste 11 aldiz izan dira txapeldunorde, denboraldi hauetan: 1968-69, 1972-73, 1973-74, 1982-83, 1989-90, 1993-94, 2002-03, 2006-07, 2007-08, 2011-12 eta 2018-19. Kapito Harri taldea, bestalde, 18 finaletan lehiatu da (bere 19.a izango da igandekoa). 11 aldiz izan dira txapeldun uztariztarrak: 1995-96, 1998-99, 1999-2000, 2000-01, 2003-04, 2004-05, 2006-07, 2007-08, 2009-10, 2010-11 eta 2011-12 denboraldietan, hain zuzen ere. Eta 7 bider txapeldunorde, denboraldi hauetan: 1983-84, 1984-85, 1986-87, 1994-95, 1997-98, 2001-02 eta 2012-13.
Bi taldeek 4 final jokatu dituzte elkarren aurka txapelketa honetan (aurtengoa, 5.a): 2006-07an, 2007-08an, 2011-12an eta 2012-13an. Lehendabiziko hiruetan Kapito Harri taldeak irabazi zuen (13-5, 13-3 eta 13-4), eta azkenekoan Luzean-ek (13-5).
Iaz jokatu zuen bere azken finala Luzean-ek, Noizbait taldearen kontra, eta baita bere azken txapela jantzi ere: 13-4 irabazi zieten donibandarrek hazpandarrei. Kapito Harri, berriz, 2011-12ko edizioan iritsi zen azken aldiz finalera, eta txapela lortu zuen, Luzean-en kontra, hain justu. 13-4 irabazi zuten uztariztarrek.
Palmaresari dagokionean, Luzean taldea da sailkapen buru, esan bezala, 19 txapelekin (11 aldiz txapeldunorde). Atzetik ditu Aviron Bayonnais, 14 txapelekin (6 aldiz azpitxapeldun); Kapito Harri, 11rekin (7 aldiz txapeldunorde); Behar Zana eta Noizbait, 4rekin (biak 9 aldiz azpitxapeldun); Zubieta eta Endaiarrak, 2rekin (hurrenez hurren, 5 aldiz eta behin txapeldunorde); eta Yoko Garbi eta Zaharrer Segi, banarekin (lehenak 6 aldiz txapeldunorde eta bigarrenak behin). Oiarpe, Donapaleu eta Sara taldeek ez dute txapelik, baina hirurak behin izan dira azpitxapeldun.
Euskal Herriko 6 talde lehiatu dira 60. Enrique Abril Errebote Txapelketan: Behar Zana (Amasa-Villabona), Kanboarrak (Kanbo, Lapurdi), Kapito Harri (Uztaritze, Lapurdi), Luzean (Donibane Lohizune, Lapurdi), Txost (Oiartzun, Gipuzkoa) eta Zubieta (Zubieta, Gipuzkoa).
Lehiaketa-Federatua-Enrique Abril-Errebote nagusiak atalean kontsulta daiteke txapelketaren inguruko informazioa. Eta hainbat irudi ikusgai daude Argazki galeriak txokoan. |
|