Zabalik da mutilen eskuko teknifikazioan izena emateko epea, irailaren 7ra arte
2023/08/30 | Ikastaroak
Ezker horman eskuz aritzen diren infantil eta kadete kategorietako Gipuzkoako mutil pilotariei dago zuzenduta deialdia; irailaren 13an, 20an eta 27an aurreikusten dira hautaketa entrenamenduak, eta urrian saioekin hastea
Hastear den 2023-24 denboraldian ere teknifikazio proiektuarekin lanean jarraituko du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF). Mutilen eskuko teknifikazioan (ezker horma), zehazki, izen-ematea zabaldu berri da. Mutilen larruzko paletakoan (ezker horma) eta paleta argentinarrekoan (trinketa) izen-ematea itxi da dagoeneko, eta iraila bukaeran eta urria erdialdean hasiko dituzte saioak, hurrenez hurren. Eta nesken eskuko (ezker horma), gomazko paletako (ezker horma) eta paleta argentinarreko (trinketa) deialdiak ere laster izango dira.
Pilotariei entrenamendu tekniko pertsonalizatua eskaintzea du helburu egitasmoak.
Esan bezala, zabalik da mutilen eskuko teknifikazioan izena emateko epea. Azken urteotan bezala, denboraldi honetan ere ezker horman eskuz aritzen diren infantil eta kadete kategorietako Gipuzkoako mutil pilotariei dago zuzenduta deialdia.
Lurraldeko klubek dute beraien pilotarien izena emateko ardura. Irailaren 7ra arte (osteguna) izango dute horretarako aukera.
GEPFk hautaketa entrenamenduetara deituko ditu izena emandako pilotariak. Hauexek dira aurreikusitako datak: irailaren 13an Goierri-Tolosaldea-Aiztondokoak elkartuko dira, 20an Deba-Urola Kostakoak, eta 27an Bidasoa-Oarso-Burruntzakoak.
Aukeratutakoek urriaren 4an ekingo diete entrenamenduei, ekainera bitarte. Asteazken arratsaldetan izango dira saioak. Kadete kategoriako pilotariak Donostiako Atano III.ean entrenatuko dira, eta infantilak eskualdeetan.
Aurrerago emango dugu xehetasun gehiagoren berri. |
|