Errenteria vs Donostia, Herriarteko Pala Txapelketako finala, larunbatean, Oiartzunen
2023/06/08 | Lehiaketa
Madalensoro pilotalekuan neurtuko dituzte indarrak larruzko paletaz eta pala motzez, 18:30etik aurrera; eskuzko eta gomazko paletako lehian, finalerdiei ekingo diete; eta zesta-puntaz ligaxkako azkenaurreko jardunaldia jokatuko dute
Lehendabiziko finala izango da ikusgai, asteburuan, 2023ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan: palakoa. Eskuzko eta gomazko paletako lehian, finalerdiei ekingo diete. Eta zesta-puntaz, ligaxkako azkenaurreko jardunaldia jokatuko dute. Errenteriak eta Donostiako jokatuko dute, hain zuzen ere, Herriarteko Pala Txapelketako finala, larunbat arratsaldean, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan (ikus behean xehetasun gehiago). Eskuz, Ataun, Oiartzun, Andoain eta Azpeitia dira finalerdietan, eta joaneko jaialdiak jokatuko dituzte asteburu honetan. Gomazko paletaz ere finalerdietan sartu dira, eta Donostiak, Astigarragak, Mutrikuk eta Hernanik lortu dute sailkatzea. Zesta-puntaz, azkenik, ligaxkako 5. jardunaldia jokatuko dute, azkenaurrekoa, Hondarribiak eta Mutrikuk, eta atsaden izango du Zumaiak. Lehia estu doa txapelketa honetan.
Hauxe da, hain zuzen ere, jardunaldi honetako kartelera:
EKAINAK 9, OSTIRALA - 19:30, Andoain-Arrate: ANDOAIN / AZPEITIA (eskua, finalerdiak, joanekoa) - 20:30, Mutriku-Miruaitz: MUTRIKU / HERNANI (gomazko paleta, finalerdiak, joanekoa)
EKAINAK 10, LARUNBATA - 16:30, Hondarribia-Jostaldi: HONDARRIBIA / MUTRIKU (zesta-punta, ligaxka, 5. jardunaldia) - 18:30, Oiartzun-Madalensoro: ERRENTERIA / DONOSTIA (larruzko paleta eta pala motza, FINALA)
EKAINAK 11, IGANDEA
- 11:00, Ataun-Auzoeta: ATAUN / OIARTZUN (eskua, finalerdiak, joanekoa)
Esan bezala, Errenteriak eta Donostiak jokatuko dute 2023ko Gipuzkoako Herriarteko Pala Txapelketaren finala, larunbatean, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan, 18:30ak aldera hasita (Gipuzkoako Txapelketako bi final dira aurretik, jubenilen gomazko paleta eta larruzko paleta taldeka lehiakoak, 16:30ean hasita): lehenik, larruzko paletaz lehiatuko dira, eta ondoren pala motzez:
Ekainak 10, larunbata, 18:30, Oiartzun-Madalensoro
1. Larruzko paleta:
2. Pala motza:
Pilotari hauek osatzen dute Errenteriako taldea: Garikoitz Arizkorreta, Aritz Arregi, Eneko Arruabarrena, Ibon Eskisabel, Ibai Izquierdo, Yorel Martinez, Abel Pichel eta Rubén Pichel. Eta ondorengoek Donostiakoa: Aitor Agirre, Asier Alberro, Unai Alberro, Josetxo Amiano, Telmo Astrain, Aitor Brosa, Xabier Elejalde, Xabier Ibargarai, Joseba Lujanbio, Guillem Martinez de la Hidalga, Iñigo Navarro, Iker Udakiola eta Endika Urrutia.
Deba eta Oiartzun geratu dira finalaren atarian. Debak 0-4 galdu zuen Errenteriarekin finalerdietan: 0-2 galdu zuen joanekoan (7-35, 11-40), eta 2-0 itzulerakoan (35-15, 40-21). Eta emaitza berarekin galdu zun Oiartzunek Donostiaren aurka: 2-0 finalerdien joanekoan (35-19, 40-27), eta 0-2 itzulerakoan (21-35, 23-40).
Bai Errenteria bai Donostia Herriarteko Pala Txapelketaren edizio guztietan lehiatu dira, hau da, 32 aldiz. Errenteriak iaz jokatu zuen azken finala Herriartekoan, eta baita irabazi ere (Andoain txapeldunorde). 6 txapel dituzte errenteriarrek: 1991-1995 bitarte (biak barne) lortutakoak (Donostia, Altzo, Donostia, Donostia eta Oiartzunen kontra, hurrenez hurren), eta iazkoa (Andoaini irabazita). Eta 4 aldiz izan dira txapeldunorde: 1996an (Oiartzunek irabazi), 2010ean (Andoainek), 2018an (Oiartzunek) eta 2021ean (Andoainek). Donostiak, bere aldetik, 2015ean jokatu zuen azken finala txapelketan, eta txapela jantzi zuen (Andoainen aurka). 7 txapel dituzte donostiarrek, urte hauetan jantzitakoak: 1997 (Andoain txapeldunorde), 1998 (Oiartzun), 2002 (Oiartzun), 2006 (Andoain), 2008 (Andoain), 2014 (Olaberria) eta 2015 (Andoain). Eta 6 aldiz izan dira txapeldunorde: 1991n, txapelketaren lehen edizioan (Errenteriak irabazi zuen), 1993an (Errenteriak), 1994an (Errenteriak), 2000an (Ordiziak), 2001ean (Oiartzunek) eta 2012an (Olaberriak).
Bi herriek, beraz, hiru final jokatu dituzte elkarren aurka, eta hiruretan irabazi du Errenteriak; baina aspaldi samarreko kontuak dira: 1991, 1993 eta 1994 urteetakoak, hain justu.
Palmares orokorrari begira, Donostiak eta Andoainek dituzte txapel gehien, 7 (6na aldiz izan dira txapeldunorde). Errenteria eta Olaberria dira atzetik, 6na txapelekin (4 aldiz izan dira txapeldunorde errenteriarrak, eta 2tan olaberriatarrak). Gero Oiartzun, 3kin (7 aldiz txapeldunorde). Eta Ordizia eta Zarautz ondoren, txapel banarekin (2 aldiz izan da azpitxapeldun Ordizia, eta behin ere ez Zarautz). Debak eta Altzok ez dute txapelik, baina 3 final jokatu ditu Debak eta 1 Altzok.
2023ko Herriarteko Pala Txapelketaren xehetasun guztiak ikusgai daude gure webgunearen Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa-LP eta PM atalean. |
|