Eskuzko lehiak emango dio hasiera 2023ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari, larunbatean
2023/04/26 | Lehiaketa
Altzok eta Bergarak jokatuko duten kanporaketaren joaneko jaialdia izango da edizioko lehendabizikoa; maiatzaren 14ko jardunaldian gehituko zaizkio gainontzeko espezialitateak eskuzkoari: larruzko paleta eta pala motza, zesta-punta eta gomazko paleta; 41 herri eta 417 pilotari elkartuko ditu txapelketak
Eskuzko lehiarekin hasiko da, asteburuan, 2023ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Hain zuzen ere, larunbatean (2023-04-29), Altzok eta Bergarak jokatuko duten kanporaketaren joaneko jaialdiarekin. Hauxe da, beraz, asteburuko kartelera:
APIRILAK 29, LARUNBATA - 17:00, Altzo-Altzo Muino: ALTZO / BERGARA (eskua, final-hamaseirenak, joanekoak)
Gainontzeko espezialitateen txapelketak maiatzaren 14ko asteburuan hasiko dira: larruzko paleta eta pala motzako lehia final-laurdenen joanekoekin hasiko da, zesta-puntaz ligaxkako lehen jardunaldia jokatuko dute, eta gomazko paletako lehiari final-zortzirenen joanekoekin ekingo diote. Albiste honi erantsitako dokumentuetan ikus daitezke egutegi guztiak.
2023ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan, 17 herrik eman du izena eskuko lehian, 7 ariko dira larruzko paletaz eta pala motzez, 14 gomazko paletaz eta 3 zesta-puntaz. Denera, 41 herri eta 417 pilotari elkartuko ditu txapelketak: 210 eskuz, 62 palaz, 104 gomazko paletaz eta 41 zesta-puntaz. Hauexek dira parte hartuko duten herriak:
ESKUA
LARRUZKO PALETA ETA PALA MOTZA
GOMAZKO PALETA
ZESTA-PUNTA
Eskuz, iazko herri kopuru bera izango da, 17, baina aldaketak izan dira izen-ematean: Alegia, Amasa-Villabona, Aretxabaleta eta Lasarte-Oria ez dira izango; baina Aduna, Altzo, Larraul eta Zumarraga batu dira zerrendara. Aipatu beharra dago, gainera, Larraul herriak lehendabiziko aldiz hartuko duela parte txapelketa honetan. Palako lehian, 7 herri izango dira, aurrekoan baino bi gutxiago: Olaberria (azken unean) eta Tolosa dira baja; eta ez dago talde berririk. Gomazko paletaz, herri bat gutxiago lehiatuko da, 14: aurten ez dute jokatuko Aiak, Errenteriak eta Soraluzek; eta bai, ordea, Debak eta Zumaiak. Eta, azkenik, zesta-puntaz 3 herri lehiatuko dira, aurreko edizioko berberak.
Finalei dagokienean, lehendabizikoa larruzko paletako eta pala motzeko txapelketarena izango da, ekainaren 11ko asteburuan. Eta eskuzkoa, gomazko paletakoa eta zesta-puntakoa ekainaren 25eko jardunaldian jokatuko dituzte: eskuzkoa larunbatean, ekainak 24, Donostiako Atano III.ean; eta beste biak, palakoa bezala, oraindik zehazteko dauden egun eta egoitzetan.
Datu historikoei erreparatuta, Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien eskuzko txapelketan, 16, hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde); Azpeitia da bigarren palmaresean, 8 txapelekin (5 bider azpitxapeldun); eta Donostia hirugarren, 6rekin (4tan txapeldunorde). Azken edizioa Oiartzunek irabazi zuen, eta Azpeitia izan zen txapeldunorde. Palaz, Donostiak eta Andoainek dituzte txapel gehien, 7 (6na aldiz izan dira txapeldunorde); Errenteria eta Olaberria dira atzetik, 6na txapelekin (4 aldiz izan dira txapeldunorde errenteriarrak, eta 2tan olaberriatarrak). Errenteriak irabazi zuen aurreko edizioan, eta Andoain izan zen txapeldunorde. Zesta-puntaz Zumaia da jaun eta jabe, 10 txapelekin (11 aldiz txapeldunorde); Mutriku du atzetik, 7 txapelekin (4 bider azpitxapeldun); eta Tolosa da hirugarren postuan, 4 txapelekin (6tan txapeldunorde). Azken edizioa Mutrikuk irabazi zuen, eta Zumaia sailkatu zen bigarren. Gomazko paletaz, azkenik, Azkoitia da lider sailkapenean, 3 txapelekin (ez da sekula txapeldunorde izan). Eta atzetik da Donostia, txapel batekin (beste 2tan txapeldunorde). Ondoren ageri dira Azpeitia eta Tolosa; biak izan dira behin azpitxapeldun. 2022eko edizioan Azkoitiak jantzi zuen txapela, eta Donostia izan zen txapeldunorde.
Rural Kutxak babestuko du 2023ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa.
Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean egongo da eskuragarri txapelketaren inguruko informazio guztia. |
|