Dena prest Herriarteko Txapelketari ekiteko
2023/04/19 | Lehiaketa
Pilotariak, ordezkariak, babesleak eta erakundeak elkartu dira aurkezpenean, eta jendaurreko zozketak kanporaketak erabakita utzi ditu; apirilaren 30eko asteburuan hasiko da eskuzko txapelketa, eta maiatzaren 14koan gehituko zaizkio palakoa, gomazko paletakoa eta zesta-puntakoa; 17 herri lehiatuko dira eskuz, 7 pala motzez eta larruzko paletaz, 14 gomazko paletaz eta 3 zesta-puntaz
Dena dago prest 2023ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari hasiera emateko. Atzo iluntzean (2023-04-18) egin genuen aurkezpen ekitaldia eta kanporaketen zozketa, Donostiako Kirol Etxean, parte hartuko duten herrietako ordezkari eta pilotari askok lagunduta. Itziar Lete Andonegi Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren (GEPF) presidenteak gidatu zuen saioa, eta alboan izan zituen Maria Jose Telleria Etxeberria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Nazioarteko Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamentuko foru diputatua, eta Iñigo Calafell Salaverria, Rural Kutxaren ordezkaria, txapelketaren babesle berria.
Aurtengo edizioaren hainbat xehetasun eman eta gero, kanporaketen zozketari ekin zioten mahaikideek, pilotariak eta ordezkariak adi-adi zituztela. Hain zuzen ere, albiste honi erantsitako dokumentuetan ikus daitezke zozketa horrek erabakitakoak.
17 herrik eman du izena eskuko lehian, 7 ariko dira larruzko paletaz eta pala motzez, 14 gomazko paletaz eta 3 zesta-puntaz. Denera, 41 herri eta 417 pilotari elkartuko ditu txapelketak (210 eskuz, 62 palaz, 104 gomazko paletaz eta 41 zesta-puntaz):
ESKUA
LARRUZKO PALETA ETA PALA MOTZA
GOMAZKO PALETA
ZESTA-PUNTA
Eskuz, iazko herri kopuru bera izango da, 17, baina aldaketak izan dira izen-ematean: Alegia, Amasa-Villabona, Aretxabaleta eta Lasarte-Oria ez dira izango; baina Aduna, Altzo, Larraul eta Zumarraga batu dira zerrendara. Aipatu beharra dago, gainera, Larraul herriak lehendabiziko aldiz hartuko duela parte txapelketa honetan. Palako lehian, 7 herri izango dira, aurrekoan baino bi gutxiago: Olaberria (azken unean) eta Tolosa dira baja; eta ez dago talde berririk. Gomazko paletaz, herri bat gutxiago lehiatuko da, 14: aurten ez dute jokatuko Aiak, Errenteriak eta Soraluzek; eta bai, ordea, Debak eta Zumaiak. Eta, azkenik, zesta-puntaz 3 herri lehiatuko dira, aurreko edizioko berberak.
Apirilaren 30eko asteburuan hasiko da txapelketa, eskuzko lehiaren kanporaketarekin. Eta maiatzaren 14koan ekingo diete gomazko paletakoari, palakoari eta zesta-puntakoari; eskuz ere jardunaldi horretan hasiko dira jokatzen gainontzeko herri guztiak.
Lehendabiziko finala larruzko paletako eta pala motzeko txapelketarena izango da, ekainaren 11ko asteburuan. Eta eskuzkoa, gomazko paletako eta zesta-puntakoa ekainaren 25eko jardunaldian jokatuko dituzte: eskuzkoa larunbatean, ekainak 24, Donostiako Atano III.ean; eta beste biak oraindik zehazteko dauden egun eta egoitzetan.
Datu historikoei erreparatuta, Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien eskuzko txapelketan, 16, hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde); Azpeitia da bigarren palmaresean, 8 txapelekin (5 bider azpitxapeldun); eta Donostia hirugarren, 6rekin (4tan txapeldunorde). Azken edizioa Oiartzunek irabazi zuen, eta Azpeitia izan zen txapeldunorde. Palaz, Donostiak eta Andoainek dituzte txapel gehien, 7 (6na aldiz izan dira txapeldunorde); Errenteria eta Olaberria dira atzetik, 6 txapelekin (4 aldiz izan dira txapeldunorde errenteriarrak, eta 2tan olaberriatarrak). Errenteriak irabazi zuen aurreko edizioan, eta Andoain izan zen txapeldunorde. Zesta-puntaz Zumaia da jaun eta jabe, 10 txapelekin (11 aldiz txapeldunorde); Mutriku du atzetik, 7 txapelekin (4 bider azpitxapeldun); eta Tolosa da hirugarren postuan, 4 txapelekin (6tan txapeldunorde). Azken edizioa Mutrikuk irabazi zuen, eta Zumaia sailkatu zen bigarren. Gomazko paletaz, azkenik, Azkoitia da lider sailkapenean, 3 txapelekin (ez da sekula txapeldunorde izan). Eta atzetik da Donostia, txapel batekin (beste 2tan txapeldunorde). Ondoren ageri dira Azpeitia eta Tolosa; biak izan dira behin azpitxapeldun. 2022eko edizioan Azkoitiak jantzi zuen txapela, eta Donostia izan zen txapeldunorde.
Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean egongo da eskuragarri txapelketaren inguruko informazio guztia. Aurkezpeneko argazki gehiago, Argazki galeriak txokoan. |
|