Luzean eta Noizbait taldeek jokatuko dute Enrique Abril Errebote Txapelketako finala, igandean
2022/10/11 | Lehiaketa
10:30ean hasiko da aurrez aurrekoa, Zubietako plazan; Gipuzkoako bi ordezkariek, Txost-ek eta Zubietak, finalerdiak galduta txapelketari agur esan behar izan diote
Aurten ez da Gipuzkoako ordezkaririk izango Enrique Abril Errebote Txapelketako finalean. Izan ere, bai Txost (Oiartzun) bai Zubieta (Zubieta) taldeek beraien finalerdiak galdu baitituzte asteburu honetan, Luzean (Donibane Lohizune, Lapurdi) eta Noizbait (Hazparne, Lapurdi) taldeen aurka, hurrenez hurren; 13-5 bukatu ziren bi aurrez aurrekoak, Iparraldekoen alde.
Hala, lapurtarrek igande honetan jokatuko dute finala, Zubietan:
Urriak 16, igandea, 10:30, Zubieta-plaza LUZEAN vs NOIZBAIT
Luzean taldeak 29 final jokatu ditu Enrique Abril Errebote Txapelketan (igandekoa 30.a izango da). 18 aldiz jantzi dute txapela donibandarrek: 1963-64, 1964-65, 1965-66, 1966-67, 1967-68, 1975-76, 1976-77, 1977-78, 1978-79, 2005-06, 2008-09, 2012-13, 2013-14, 2014-15, 2015-16, 2016-17, 2017-18 eta 2021-22 denboraldietan, hain justu. Eta beste 11 aldiz izan dira txapeldunorde, denboraldi hauetan: 1968-69, 1972-73, 1973-74, 1982-83, 1989-90, 1993-94, 2002-03, 2006-07, 2007-08, 2011-12 eta 2018-19. Noizbat taldea, bestalde, 12 finaletan lehiatu da (bere 13.a izango da igandekoa). 4 aldiz izan dira txapeldun hazpadarrak: 1979-80, 1991-92, 1996-97 eta 2002-03 denboraldietan, hain zuzen ere. Eta 8 bider txapeldunorde, denboraldi hauetan: 1963-64, 1978-79, 1988-89, 1990-91, 1998-99, 2003-04, 2004-05 eta 2019-20.
Bi taldeek 3 final jokatu dituzte elkarren aurka txapelketa honetan (aurtengoa, 4.a): lehendabiziko edizioko finalistak izan ziren biak, 1963-64an, eta horrez gain 1978-79an eta 2002-03an. 1963-64an Luzean-ek irabazi zuen, 13-8; 1978-79an ere Luzean gailendu zen, 13-10; eta 2002-03an Noizbat taldea nagusitu zen, 13-7.
Iaz jokatu zuen bere azken finala Luzean-ek, Behar Zana taldearen kontra, eta baita bere azken txapela jantzi ere: 13-2 irabazi zieten donibandarrek billabonatarrei. Noizbait, berriz, 2019-20ko edizioan iritsi zen azken aldiz finalera, baina ezin izan zuen txapelarekin bueltatu etxera. Zubieta izan zuen aurkari, eta zubietarrek irabazi zuten, 13-8. Hazpandarrek 2002-03 denboraldian jantzi zuten txapela azkeneko aldiz, Luzean taldearen aurka, hain justu, 13-7 irabazita.
Palmaresari dagokionean, Luzean taldea da sailkapen buru, esan bezala, 18 txapelekin (11 aldiz txapeldunorde). Atzetik ditu Aviron Bayonnais, 14 txapelekin (6 aldiz azpitxapeldun); Kapito Harri, 11rekin (7 aldiz txapeldunorde); Behar Zana eta Noizbait, 4rekin (9 eta 8 aldiz azpitxapeldun, hurrenez hurren); Zubieta eta Endaiarrak, 2rekin (hurrenez hurren, 5 aldiz eta behin txapeldunorde); eta Yoko Garbi eta Zaharrer Segi, banarekin (lehenak 6 aldiz txapeldunorde eta bigarrenak behin).
Euskal Herriko 9 talde lehiatu dira 59. Enrique Abril Errebote Txapelketan: Endaiarrak (Hendaia, Lapurdi), Kanboarrak (Kanbo, Lapurdi), Kapito Harri (Uztaritze, Lapurdi), Luzean (Donibane Lohizune, Lapurdi), Noizbait (Hazparne, Lapurdi), Senpere (Senpere, Lapurdi), Txost (Oiartzun, Gipuzkoa), Zaharrer Segi (Baigorri, Nafarroa Beherea) eta Zubieta (Zubieta, Gipuzkoa).
Lehiaketa-Federatua-Enrique Abril-Errebote nagusiak atalean kontsulta daiteke txapelketaren inguruko informazioa. Eta hainbat irudi ikusgai daude Argazki galeriak txokoan. |
|