Abian da eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa
2022/10/13 | Lehiaketa
2. urteko alebin eta infantil kategorietako 280 bat pilotari lehiatuko dira, buruz buru; abenduaren 25eko jardunaldian izango dira ikusgai Gipuzkoako zein eskualdeetako finalak
![]() Kadete, jubenil eta nagusi kategorietako pilotariak buru-belarri ari dira Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketan, baina pilotari alebinek eta infantilek ere badute dagoeneko lehiatzeko aukera. Hain zuzen ere, asteburuan (2022-10-16) hasiko da eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa.
Denboraldiko Errendimenduko lehendabiziko txapelketa izaten da hauxe, eskuzko espezialitateari dagokionean, eta urte bukaerara arte luzatzen da. Ondoren, urte berriarekin batera, eta martxora bitarte gutxi gorabehera, eskuz binakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa jokatu ohi da. Eta azkenik, apirila aldean hasi eta ekainera bitarte, beste bi lehia izaten dira: Errendimenduko Udaberri Saria, eskuz binaka, eta Berezkoen Gipuzkoako Txapelketa, eskuz banaka.
Esan bezala, buruz buru lehiatuko dira pilotariak (baina klubaren izenean). 2. urteko alebinek eta 1. eta 2. urteko infantilek hartuko dute parte txapelketan. Edizio honetan, 1. eta 2. maila izango dira alebinetan; eta 1., 2. eta 3. maila infantiletan.
280 bat pilotarik eman du izena eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketan: alebinetan 119 pilotari lehiatuko dira (52 1. mailan eta 67 2. mailan), eta infantiletan 161 (45 1. mailan, 98 2. mailan eta 18 3. mailan).
Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute guztiek, urriaren 16ko jardunaldian hasi eta azaroaren 13kora bitartean. Eta denek jarraituko dute aurrera bigarren fasera, kanporaketena: maila guztietan, multzo bakoitzeko 1. eta 2. sailkatuek Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, eta 3. postutik 6. postura sailkatutakoek eskualdeko txapelketak, bitan banatuta: Ekialdeko Txapelketa eta Mendebaldekoa.
Abenduaren 11ko eta 18ko asteburuetarako aurreikusten dira finalerdiak. Eta final guztiak, bai Gipuzkoakoak bai bi eskualdeetakoak, abenduaren 25eko jardunaldian jokatuko dituzte, oraindik zehazteko dauden egoitzetan.
Eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketaren xehetasun guztiak webgune honetako Lehiaketa-Errendimendua-Gipuzkoa eskuz banaka atalean kontsulta daitezke, eta bai bertan bai Kartelera atalean txapelketaren astez asteko jarraipena egin. |
|