Oraindik ere aukerak ditu Gipuzkoak Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala jokatzeko
2022/09/28 | Lehiaketa
Eguraldiak baldintzatuta, finalerdi bakarra jokatu ahal izan zuten aurreko asteburuan, eta Gipuzkoa 1 taldeak galdu egin zuen Bizkaiaren aurka; Gipuzkoa 2k ostiralean neurtuko ditu indarrak Iparralde 1-Senpere taldearekin, Oiartzunen
Oraindik ere aukerak ditu Gipuzkoak Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala jokatzeko. Aurreko asteburuan ziren jokatzekoak bi finalerdiak, baina bakarra jokatu ahal izan zuten, eguraldiak baldintzatuta, eta Gipuzkoak galdu egin zuen. Beste finalerdia ostiral honetan izango dute gipuzkoarrek. Bizkaia vs Gipuzkoa 1 aurrez aurrekoa ikusteko aukera izan zen, igandean, Otxandion (Bizkaia). Baina gipuzkoarrek ezin izan zuten finalerako txartela lortu, 10-2 galdu baitzuten. Gipuzkoa 2k ditu oraindik aukerak aurrera egiteko. Hain zuzen ere, Gipuzkoa 2 vs Iparralde 1-Senpere partida gelditu zen bertan behera, ostiralean, euriagatik. Datorren ostiralean izango dira aurrez aurre gipuzkoarrak eta lapurtarrak, 18:30etik aurrera, Oiartzunen.
Irailak 30, ostirala, 18:30, Oiartzun-Beheko plaza
GIPUZKOA 2 vs IPARRALDE 1-SENPERE
Irabazten duenak, beraz, Bizkaiaren kontra jokatu beharko du finala, urriaren 9an (eguraldiak ez badu aldaketarik eragiten, behintzat).
Pilotari hauek lehiatuko dira ostiralean finalerako txartelaren bila, Gipuzkoa 2 taldean: Ugaitz Belaunzaran Otaegi, Iñaki Esnal Aizpurua, Iraitz Irazu Eizagirre, Xuban Irazu Eizagirre, Andoni Urbieta Etxeberria, Ibai Urbieta Etxeberria, Jon Urbieta Otaegi eta Xabier Urbieta Otaegi. Eta ondorengoek ordezkatu dute Gipuzkoa 1 taldea txapelketa honetan: Julen Chiapuso Nosellas, Ugaitz Iriarte Arruabarrena, Julen Iribar Arruti, Mikel Leonet Arozena, Iñaki Lizaso Perez, Manex Olaiz Etxeberria, Ekaitz Salaberria Lekuona, Imanol Ugalde Muguruza eta Iñigo Ugalde Muguruza.
Euskal Herriko 8 talde lehiatu dira aurten, bi multzotan banatuta: Araba, Bizkaia, Iparralde 1-Senpere 2 (Lapurdi) eta Iparralde 2-Amikuze (Nafarroa Beherea) A multzoan; eta Gipuzkoa 1, Gipuzkoa 2, Iparralde 3-Senpere 1 (Lapurdi) eta Iparralde 4-Itsasuarrak (Lapurdi) B multzoan.
Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago. Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi bat pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da.
Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean, www.euskalpilota.org, aurki daiteke Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketari buruzko informazio gehiago.
*Argazkiak: GEPF eta EEPF. |
|