Larruzko paletako lehiarekin hasiko da, asteburuan, Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa
2022/09/07 | Lehiaketa
Nagusien kategoriako 24 taldek eman du izena, eta 1., 2. eta 3. mailan ariko dira; finalak urriaren 30eko asteburuan izango dira ikusgai; datozen jardunaldietan gainontzeko espezialitateen txanda izango da
Larruzko paletako lehiarekin hasiko da, asteburuan (2022-09-11), Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa. Eta datozen jardunaldietan gehituko zaizkio gainontzeko espezialitateak.
Nagusien kategoriako palistak lehiatuko dira larruzko paletako txapelketan, 1., 2. eta 3. mailan. Denera, 24 taldek eman du izena: 8na maila bakoitzeko (bi multzotan banatuta guztietan).
Lehenik, joan-etorriko ligaxka jokatuko dute guztiek, irailaren 11ko jardunaldian hasi eta urriaren 16kora bitarte. Ondoren (maila guztietan hau ere), multzo bakoitzeko lehenengo eta bigarren sailkatuek finalediak jokatuko dituzte, urriaren 23ko asteburuan. Finalak, azkenik, urriaren 30eko jardunaldian izango dira ikusgai, oraindik erabakitzeko dagoen egoitzan.
Joango gara pixkanaka gainontzeko espezialitateen berri ematen. Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketako informazio guztia webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Gipuzkoa txokoan egongo da eskuragarri. |
|