Zabalik da mutilen eskuko teknifikazioan izena emateko epea, irailaren 8ra arte
2022/08/30 | Ikastaroak
Eskuz aritzen diren infantil eta kadete kategorietako Gipuzkoako mutil pilotariei dago zuzenduta deialdia; irailaren 14an, 21ean eta 28an aurreikusten dira hautaketa entrenamenduak, eta urrian saioekin hastea
Hastear den 2022-23 denboraldian ere mutilen eskuko teknifikazio proiektuarekin lanean jarraituko du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF). Eta izen-emate epea zabaldu berri du.
Pilotariei entrenamendu tekniko pertsonalizatua eskaintzea du helburu egitasmoak.
Azken urteotan bezala, 2022-23n ere eskuz aritzen diren infantil eta kadete kategorietako Gipuzkoako mutil pilotariei dago zuzenduta deialdia.
Lurraldeko klubek dute beraien pilotarien izena emateko ardura. Irailaren 8ra arte, osteguna, izango dute horretarako aukera.
GEPFk hautaketa entrenamenduetara deituko ditu izena emanadako pilotariak. Hauexek dira aurreikusitako datak: irailaren 14an Goierri-Tolosaldea-Aiztondokoak elkartuko dira, 21ean Deba-Urola Kostakoak, eta 28an Bidasoa-Oarso-Burruntzakoak.
Aukeratutakoek urrian ekingo diete entrenamenduei, ekainera bitarte. Asteazken arratsaldetan izango dira saioak. Kadete kategoriako pilotariak Donostiako Atano III.ean entrenatuko dira, eta infantilak eskualdeetan.
Aurrerago emango dugu xehetasun gehiagoren berri. |
|