Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketei ekingo diete asteburuan

2022/02/02 | Lehiaketa

Eskuz binakakoa eta zesta-puntakoa hasiko dira; Eskola Kiroleko lehiaketen aste batzuetako debekua medio, ohi baino beranduago hasiko dira eta egutegiak birmoldatuta; apirilean eta maiatzean izango dira finalak

Eskola Kiroleko lehiaketen aste batzuetako debekua medio, ohi baino beranduago hasiko dira Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketak. Egutegiak birmoldatu, eta asteburu honetan hasiko dira lehiak, bai eskuz binakakoa bai zesta-puntakoa.

 

 

 

 

Eskuz Binakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketan, 2. urteko alebinek eta infantilek jokatuko dute. 2. urteko alebinetan, 1. mailako lehia eta 2. mailako lehia izango dira; 54 bikotek eman du izena alebinetan: 29 1. mailan eta 25 2. mailan. Infantiletan, berriz, 1., 2. eta 3. maila osatu dira; 78 bikote lehiatuko dira: 21 1. mailan, 53 2. mailan eta 4 3.mailan.

 

 

Bai alebinetan bai infantiletan ligaxka jokatuko dute lehenik, otsailaren 6ko jardunaldian hasi eta otsailaren 20ko, martxoaren 6ko eta martxoaren 20ko asteburuetara bitartean, kasuan kasuan. Denek jarraituko dute aurrera, hurrengo fasera: multzo bakoitzean 1. eta 2. postuan sailkatzen diren bikoteek Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, eta 3. postutik 6.era bitartekoek eskualdeko txapelketak, Ekialdekoa eta Mendebaldekoa. Infantilen 3. mailakoen kasuan, berriz, ez da eskualdeko lehiarik izango.

 

 

Lehendabiziko finalak apirilaren 10eko jardunaldirako aurreikusten dira: 2. urteko alebinen 1. mailakoak (bai Gipuzkoakoak bai eskualdekoak), infantilen 1. mailakoak (gauza bera) eta infantilen 3. mailakoa (Gipuzkoa bakarrik). Gainontzeko finalak (Gipuzkoa eta eskualdeak) maiatzaren 8ko asteburuan izango dira ikusgai: 2. urteko alebinen 2. mailakoak eta infantilen 2. mailakoak.  

 

 

Webgune honetako Lehiaketa-Errendimendua-Gipuzkoa eskuz binaka atalean daude jasota txapelketaren xehetasun guztiak.

 

 

 

 

Puntista gaztetxoenentzat ere aukera zabala dago denboraldi honetan. Udazken Saria jokatu ondoren (azkeneko finalak asteburu honetan izango dira), bi txapelketei ekingo diete jardunaldin honetan: alebin kategoriakoek Gipuzkoako Eskolarteko Zesta-punta Txapelketari, eta infantil kategoriakoek Errendimenduko Gipuzkoako Zesta-punta Txapelketari. Binaka ariko dira batean zein bestean.

 

 

5 bikotek eman du izena Eskolarteko Txapelketan (alebinak) eta beste 5 taldek Errendimenduko Txapelketan (infantilak).

 

 

Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute guztiek, otsailaren 6ko jardunaldian hasi eta apirilaren 24kora bitartean. 

 

 

Lehen fasea bukatuta, maiatzaren 1eko asteburuan jokatuko dituzte finalerdiak. Eta finalak maiatzaren 8ko jardunaldian izango dira ikusgai, oraindik zehazteko dagoen egoitzan.

 

 

Bi txapelketa hauen inguruko informazio zehatza nahi izanez gero, webgune honetako atal hauetara jo daiteke: Lehiaketa-Eskolartekoa-Gipuzkoa Zesta-punta-Alebinak eta Lehiaketa-Errendimendua-Gipuzkoa Zesta-punta-Infantilak.

 

 

 






Babesleak

Ir arriba