Tolosa, Gipuzkoako txapeldun berria eskuz binaka nagusien Ohorezko mailan

2021/11/16 | Lehiaketa

Labaka-Aizpuruk irabazi dute finala Tartaloetxeko Azketa-Elizegi iazko bikote txapeldunaren aurka; Behar Zanako Urbieta anaiek jantzi dute nagusien 1. mailako txapela, Lapke 1eko Irribarria-Erle mendean hartuta; Legazpiko Ibarguren-Agirrek 2. mailakoa, Tolosa 2 taldeko Perurena-Iztuetari nagusituta; eta Azkoitiko Aranbarri-Garciak jubenilen 1. mailakoa, Lapke 1eko Ituarte-Goibururi irabazita; lehia hauek bukatuta, eskuz banakakoa hasiko da, asteburuan

Tolosa klubak jantzi du oraingoan eskuz binakako mailarik goreneko txapela Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketan. Eskuz binaka nagusien Ohorezko mailako finala irabazi dute Eneko Labakak (Iñaki Elola ordezkatuz) eta Julen Aizpuruk, iazko txapeldunen aurka: Tartaloetxeko Beñat Azketa eta Aitor Elizegi bikotea. Iazko arantza atera ahal izan du, beraz, Labakak, aurreko denboraldian Xabier Telletxea bikote zuela galdu baitzuen finala Zegamakoen aurka.

Idiazabalen jokatutako jaialdiko beste partidan, eskuz binakako jubenilen 1. mailako finala jokatu zuten Azkoitia eta Lapke 1 taldeek. Lehenak, Mikel Aranbarri-Iker Garcia bikoa, nagusitu zitzaizkien Faben Ituarte-Artea Goibururi.

Eskuz binakako nagusien 1. eta 2. mailako finalak ere jokatu dira asteburuan, kasu honetan Villabonan. Bertako Behar Zana klubeko Urbieta anaiek (Xabierrek eta Jonek) jantzi dute txapela 1. mailan, Lapke 1 taldeko Ekhi Irribarria-Iñigo Erleri irabazita.

Eta 2. mailakoa Legazpiko Josu Ibarguren-Ion Agirre bikotearentzat izan da, Tolosa 2 taldeko Ander Perurena eta Martxel Iztueta mendean hartu baitzituzten.

Xehetasun guztiak, ondorengo lerroetan:

 

 

Azaroak 12, ostirala, 19:00, Villabona-Behar Zana
 
 
1. Eskuz binaka nagusiak, 2. maila:
TOLOSA 2 (Ander Perurena-Martxel Iztueta) 17 / LEGAZPI (Josu Ibarguren-Ion Agirre) 22

2. Eskuz binaka nagusiak, 1. maila:
BEHAR ZANA (Xabier Urbieta-Jon Urbieta) 22 / LAPKE 1 (Ekhi Irribarria-Iñigo Erle) 19


 

Azaroak 13, larunbata, 11:00, Idiazabal-Igarondo
 
 
1. Eskuz binaka jubenilak, 1. maila:
AZKOITIA (Mikel Aranbarri-Iker Garcia) 22 / LAPKE 1 (Faben Ituarte-Artea Goiburu) 5
 
2. Eskuz binaka nagusiak, Ohorezko maila:
TARTALOETXE (Beñat Azketa-Aitor Elizegi) 9 / TOLOSA (Eneko Labaka-Julen Aizpuru) 22

 

 

 

 

Eskuz binakako lehia hauek amaituta (kadeteen 1., 2. eta 3 mailakoek, jubenilen 2. mailakoek, nagusien 3. mailakoek eta nagusien mailako neskek oraindik lehian jarraitzen dute), eskuz banakako partidei ekingo diete pilotariek asteburuan (2021-11-21).

 

61 pilotarik eman du izena kadeteetan (23 1. mailan eta 38 2. mailan), 53 jubeniletan (25 1. mailan eta 28 2. mailan) eta 80 nagusietan (36 1. mailan eta 44 2. mailan). 

 

Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute, abenduaren 5eko asteburura bitarte. Abenduaren 26ko jardunaldian jokatuko dituzte finalerdiak. Eta finalak 2022ko urtarrilaren 2ko asteburuan izango dira ikusgai, oraindik erabakitzeko dauden egoitzetan.

 

 

 

 

Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Gipuzkoa eskuz binaka eta Lehiaketa-Federatua-Gipuzkoa eskuz banaka ataletan dago eskuragarri lehia hauen guztien informazioa. Eta sari-banaketaren argazkiak ikusgai daude Argazki galeriak atalean.

 

 

 














Babesleak

Ir arriba