Berriz ere Luzean taldeak jantzi du txapela
2021/10/19 | Lehiaketa
Behar Zanak ezin izan du lortutakoa biribildu 58. Enrique Abril Errebote Txapelketan; billabonatarrek 2-13 galdu dute Donibane Lohizunekoen kontrako finala
Behar Zanak ezin izan du lortutakoa biribildu 58. Enrique Abril Errebote Txapelketan. Finalera sailkatzea lortu zuten Villabonakoek (2009tik finalera iritsi gabe zeuden), baina Donibane Lohizuneko Luzean taldeak jantzi du txapela, beste behin ere (18 ditu guztira).
Urriak 17, igandea, 16:30, Oiartzun-Beheko plaza BEHAR ZANA 2 vs LUZEAN 13
13. finala zen igandekoa Behar Zanarentzat. 4 aldiz izan da txapeldun lehia honetan; jarraian, gainera: 1969an, 1970ean, 1971n eta 1972an. Eta, aurtengoarekin, 9 bider txapeldunorde: 1965, 1967, 1976, 1977, 1978, 1988, 2006, 2009 eta 2021 urteetan. Luzean taldea, aurtengoa barne, 29 finaletan lehiatu da. 58. edizio honetako txapela lortuta, 18 ditu: 1964, 1965, 1966, 1967, 1968, 1976, 1977, 1978, 1979, 2006, 2009, 2013, 2014, 2015, 2016, 2017, 2018 eta 2021 urteetan irabazitakoak. Eta beste 11 aldiz izan da txapeldunorde: 1969, 1973, 1974, 1983, 1990, 1994, 2003, 2007, 2008, 2012 eta 2019.
Bi taldeek 9 final jokatu dituzte elkarren aurka txapelketa honetan: 1965ean, 1967an, 1969an, 1976an, 1977an, 1978an, 2006an, 2009an eta 2021ean. Behin irabazi du Behar Zanak, 1969ko edizioan. Eta gainontzeko 8 finaletan Luzean izan da txapeldun.
Bere azken finala 2009an jokatu zuen Behar Zanak. Hain zuzen ere, Luzean-en aurka lehiatu ziren billabonatarrak; eta 13-8 galduta ihes egin zien txapelak. Azken txapela janztearen oroitzapenak dezente urrutiago dituzte: 1972. urtean, hain justu; Endaiarrak taldea izan zuten orduan aurrez aurre. Luzean taldeak 2019an jokatu zuen azken finala. Zubieta izan zuten orduan aurkari Donibane Lohizunekoek; eta hauek ere txapelik gabe bueltatu ziren etxera, 13-9 irabazi baitzieten gipuzkoarrek. Hain zuzen ere, Zubietaren kontra irabazita jantzi zuten beren azken txapela lapurtarrek, 2018. urtean.
Enrique Abril Errebote Txapelketaren palmaresari dagokionean, Luzean taldea da sailkapen buru, esan bezala, 18 txapelekin (11 aldiz txapeldunorde). Atzetik ditu Aviron Bayonnais, 14 txapelekin (6 aldiz azpitxapeldun); Kapito Harri, 11rekin (7 aldiz txapeldunorde); Behar Zana eta Noizbait, 4rekin (9 eta 7 aldiz azpitxapeldun, hurrenez hurren); Endaiarrak 2rekin (behin txapeldunorde); eta Zaharrer Segi, Yoko Garbi eta Zubieta, banarekin (lehenak beste behin izan dira azpitxapeldun, bigarrenak 6 aldiz eta hirugarrenak 5 bider).
Euskal Herriko 6 talde lehiatu dira 58. Enrique Abril Errebote Txapelketan: Behar Zana (Villabona, Gipuzkoa), Kanboarrak (Kanbo, Lapurdi), Luzean (Donibane Lohizune, Lapurdi), Txost (Oiartzun, Gipuzkoa), Zaharrer Segi (Baigorri, Nafarroa Beherea) eta Zubieta (Zubieta, Gipuzkoa).
Lehiaketa-Federatua-Enrique Abril-Errebotea nagusiak atalean kontsulta daiteke txapelketaren inguruko informazio gehiago. |
|