Behar Zana eta Luzean taldeek jokatuko dute Enrique Abril Errebote Txapelketako finala, igandean

2021/10/14 | Lehiaketa

16:30ean izango da aurrez aurrekoa, Oiartzungo Beheko plazan; 2009an jokatu zuen bere azken finala Behar Zanak, eta azken txapela, bere 4.a, 1972an lortu zuen; Luzean-ek 2019koa du azken finala, eta 2018an jantzi zuen txapela azkenekoz, bere 17.a

Behar Zana (Villabona, Gipuzkoa) eta Luzean (Donibane Lohizune, Lapurdi) taldeek jokatuko dute, igandean, 58. Enrique Abril Errebote Txapelketako finala.

Villabonakoek Kanboarrak taldeari irabazi zioten finalerdietan, joan den asteburuan, 13-8ko emaitzarekin, eta finalerako gelditzen zen txartela lortu zuten, hala. Aurretik zuen lekua ziurtatuta Luzean-ek, Donibane Lohizunekoek Zaharrer Segi hartu baitzuten mendean finalerdian duela bi jardunaldi, 13-3ko emaitzarekin.

Eguraldia lagun, Oiartzungo Beheko plazak hartuko du aurrez aurrekoa:

 

 

Urriak 17, igandea, 16:30, Oiartzun-Beheko plaza

BEHAR ZANA vs LUZEAN

 

 

 

Behar Zanak 12 final jokatu ditu Enrique Abril Errebote Txapelketan (igandekoa 13.a izango da). 4 aldiz izan da txapeldun; jarraian, gainera: 1969an, 1970ean, 1971n eta 1972an. Eta 8 bider txapeldunorde: 1965, 1967, 1976, 1977, 1978, 1988, 2006 eta 2009 urteetan.

Luzean taldea 28 finaletan lehiatu da (igandekoa 29.a izango da). 17 txapel ditu, urte hauetan irabazitakoak: 1964, 1965, 1966, 1967, 1968, 1976, 1977, 1978, 1979, 2006, 2009, 2013, 2014, 2015, 2016, 2017 eta 2018. Eta beste 11 aldiz izan da txapeldunorde, edizio hauetan: 1969, 1973, 1974, 1983, 1990, 1994, 2003, 2007, 2008, 2012 eta 2019.

 

 

 

Bi taldeek 8 final jokatu dituzte elkarren aurka txapelketa honetan (aurtengoa, 9.a): 1965ean, 1967an, 1969an, 1976an, 1977an, 1978an, 2006an eta 2009an.  Behin irabazi du Behar Zanak, 1969ko edizioan. Eta gainontzeko 7 finaletan Luzean izan da txapeldun.

 

 

 

Bere azken finala 2009an jokatu zuen Behar Zanak. Hain zuzen ere, Luzean-en aurka lehiatu ziren billabonatarrak; eta 13-8 galduta ihes egin zien txapelak.

Luzean taldeak 2019an jokatu zuen azken finala. Zubieta izan zuten orduan aurkari Donibane Lohizunekoek; eta hauek ere txapelik gabe bueltatu ziren etxera, 13-9 irabazi baitzieten gipuzkoarrek.

 

 

 

Behar Zanak 1972. urtetik ez du txapelik irabazi, eta gogotsu lehiatuko dira gipuzkoarrak igandeko finalean. 

Luzean taldeak gertuago du txapela irabaztearen oroitzapena, 2018an jantzi baitzuen azkena; baina lapurtarrek beraien lehiakortasuna erakutsiko dute beste behin.

 

 

 

Palmaresari dagokionean, Luzean taldea da sailkapen buru, esan bezala, 17 txapelekin (11 aldiz txapeldunorde). Atzetik ditu Aviron Bayonnais, 14 txapelekin (6 aldiz azpitxapeldun); Kapito Harri, 11rekin (7 aldiz txapeldunorde); Behar Zana eta Noizbait, 4rekin (8 eta 7 aldiz azpitxapeldun, hurrenez hurren); Endaiarrak 2rekin (behin txapeldunorde); eta Zaharrer Segi, Yoko Garbi eta Zubieta, banarekin (lehenak beste behin izan dira azpitxapeldun, bigarrenak 6 aldiz eta hirugarrenak 5 bider). 

 

 

 

Euskal Herriko 6 talde lehiatu dira 58. Enrique Abril Errebote Txapelketan: Behar Zana (Villabona, Gipuzkoa), Kanboarrak (Kanbo, Lapurdi), Luzean (Donibane Lohizune, Lapurdi), Txost (Oiartzun, Gipuzkoa), Zaharrer Segi (Baigorri, Nafarroa Beherea) eta Zubieta (Zubieta, Gipuzkoa).

 

 

 

Lehiaketa-Federatua-Enrique Abril-Errebotea nagusiak atalean kontsulta daiteke txapelketaren inguruko informazio gehiago.

 

 

 






Ir arriba