Bueltan dira Errendimenduko txapelketak
2021/10/14 | Lehiaketa
Aurreko denboraldian COVID-agatik ezin izan ziren txapelketak antolatu, baina 2021-22 denboraldian dena prest da: jardunaldi honetan ekingo diote eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketari alebin eta infantil kategorietako pilotariek; gauzak ondo, abenduaren 26ko asteburuan izango dira ikusgai finalak
Bueltan dira Errendimenduko txapelketak. Aurreko denboraldian, COVID-ak sortutako egoera dela eta, ez zen posible izan txapelketa horiek antolatzea; baina 2021-22koan dena prest da. Hain zuzen ere, jardunaldi honetan (2021-10-17) ekingo diote eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketari alebin eta infantil kategorietako pilotari gipuzkoarrek.
Denboraldiko Errendimenduko lehendabiziko txapelketa izaten da hauxe, eskuzko espezialitateari dagokionean. Urte bukaerara arte luzatzen da. Ondoren, urte berriarekin batera, eta martxora bitarte gutxi gorabehera, eskuz binakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa jokatu ohi da. Eta azkenik, apirila aldean hasi eta ekainera bitarte, beste bi lehia izaten dira: Errendimenduko Udaberri Saria, eskuz binaka, eta Berezkoen Gipuzkoako Txapelketa, eskuz banaka.
Esan bezala, buruz buru lehiatuko dira pilotariak (baina klubaren izenean). 2. urteko alebinek eta 1. eta 2. urteko infantilek hartzen dute parte txapelketan. Edizio honetan, 1. eta 2. maila izango dira alebinetan; eta 1., 2. eta 3. maila infantiletan.
263 pilotarik eman du izena eskuz banakao Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketan: alebinetan 103 pilotari lehiatuko dira (54 1. mailan eta 49 2. mailan), eta infantiletan 160 (48 1. mailan, 104 2. mailan eta 8 3. mailan).
Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute guztiek, urriaren 17ko jardunaldian hasi eta azaroaren 14kora bitartean (abenduaren 12ra bitarte infantilen 3. mailakoen kasuan). Eta denek jarraituko dute aurrera bigarren fasera, kanporaketena: maila guztietan, multzo bakoitzeko 1. eta 2. sailkatuek Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, eta 3. postutik 6. postura sailkatutakoek eskualdeko txapelketak, bitan banatuta: Ekialdeko Txapelketa eta Mendebaldekoa. Salbuespen bakarra da infantilen 3. mailakoa, partaide kopuruagatik, eta Gipuzkoako Txapelketa soilik jokatuko dute: ligaxka 1. postuan bukatze duena zuzenean sailkatuko da finalera, eta 2. eta 3. sailkatutakoek finalerdia jokatuko dute, finalerako beste txartelaren bila.
Abenduaren 19ko astebururako aurreikusten dira finalerdiak. Eta, gauzak ondo, final guztiak, bai Gipuzkoakoak bai bi eskualdeetakoak, abenduaren 26ko jardunaldian jokatuko dituzte, oraindik zehazteko dauden egoitzetan.
Eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketaren xehetasun guztiak webgune honetako Lehiaketa-Errendimendua-Gipuzkoa eskuz banaka atalean kontsulta daitezke, eta bai bertan bai Kartelera atalean txapelketaren astez asteko jarraipena egin. |
|