Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finalerdietara sailkatu da Gipuzkoa

2021/09/28 | Lehiaketa

Iparralde 2-Senpere taldearen kontra jokatuko beharko du, larunbat goizean, Oiartzunen; bizkaitarren arteko lehia izango da beste finalerdia

Gipuzkoak Bote Luzeko VI. Euskal Herriko Txapelketako finalerdietara sailkatzea lortu du. Bere multzoko lehendabiziko postuan bukatu du ligaxka, bi partidak irabazita, eta beste multzoko bigarren sailkatuarekin neurtu beharko ditu orain indarrak: Iparralde 2-Senpere taldearekin, hain zuzen ere. Larunbatean izango da gipuzkoarren eta lapurtarren arteko norgehiagoka, 11:00etan, Oiartzunen:


 

Urriak 2, larunbata, 11:00, Oiartzun-Beheko plaza
 

GIPUZKOA vs IPARRALDE 2-SENPERE

 

 

 

Irabaziko balute, Bizkaiaren aurka jokatuko lukete finala gipuzkoarrek (nahiz eta oraindik ez jakin zehazki zein talderen aurka), bizkaitarren artekoa izango baita beste finalerdia: Bizkaia 1 vs Bizkaia 2. Eguraldia lagun, finala urriaren 10ean izango da ikusgai.

 

 

 

Euskal Herriko 6 talde lehiatu dira aurtengo edizioan, bi multzotan banatuta: Bizkaia 1, Iparralde 2-Senpere (Lapurdi) eta Iparralde 3-Eskulari (Lapurdi) A multzoan; eta Bizkaia 2, Gipuzkoa eta Iparralde 1-Senpere (Lapurdi) B multzoan.

 

 

 

Pilotari hauek osatzen dute Gipuzkoako selekzioa: Julen Chiapuso Nosellas, Iñaki Esnal Aizpurua, Julen Iribar Arruti, Iban Jauregi Erkizia, Iñigo Ugalde Muguruza, Jon Urbieta Otaegi eta Andoni Zabala Lekuona.

 

 

 

Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago.

 
Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi bat pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da. 

 

 

 

Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean, www.euskalpilota.org, aurki daiteke Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketari buruzko informazio gehiago. Eta gure webguneko Argazki galeriak txokoan ligaxkako hainbat irudi daude ikusgai.

 

 

 






Ir arriba