Azpeitia txapeldun, zortzigarrenez

2021/06/29 | Lehiaketa

Azpeitiak irabazi du 2021eko Gipuzkoako Herriarteko Eskuzko Txapelketa, eta bere zortzigarren txapela jantzi du, hala; Oiartzun izan da nagusi kadetetan, eta Azpeitia jubeniletan eta nagusietan; maila handiko ikuskizuna eskaini dute bi herrietako pilotariek

Maila handiko jaialdiaz gozatzeko aukera izan zuten, larunbatean, Idiazabalgo Igarondo frontoira sartzeko aukera izan zuten zaleek, eta sareen bidez partidak jarraitu zituztenek. Gogorra eta lehia handikoa izan baitzen Azpeitiak eta Oiartzunek jokatutako 2021eko Gipuzkoako Herriarteko Eskuzko Txapelketaren finala. Oiartzun izan zen nagusi kadetetan eta Azpeitia jubeniletan, eta azken partidak erabaki zuen guztia; nagusiena ere irabazita, Azpeitiak jantzi zuen txapela. Bere zortzigarrena.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) eskerrak eman nahi dizkio Idiazabalgo Udalari final handia antolatzeko eskainitako laguntza eta lan eskergagatik. Era berean, zaleak ere zoriondu nahi ditu, frontoian erakutsitako jarrera eredugarriagatik.

 

 

 

Hauxe izan zen finalaren jaialdia:

 


Ekainak 26, larunbata, 16:30, Idiazabal-Igarondo

 

AZPEITIA 2 / OIARTZUN 1
 

1. Kadeteak:
AZPEITIA (Beñat Labaka-Urtzi Egiguren) 18 /
OIARTZUN (Oier Zabaleta-Unax Landa) 22

2. Jubenilak
AZPEITIA (Iker Egiguren-Jakes Elosegi) 22 /
OIARTZUN (Xabat Olaiz-Xabier Aburuza) 12

3. Nagusiak:
AZPEITIA (Unai Alberdi-Dani Murgiondo) 22 /
OIARTZUN (Andoni Ugalde-Iñigo Ugalde) 11

 

 

 

Ondorengo pilotariek osatu dute Azpeitiko taldea: Unai Alberdi, Oier Apezetxea, Aimar Egiguren, Urtzi Egiguren, Iker Egiguren, Jakes Elosegi, Beñat Ezama, Beñat Labaka, Josu Labaka, Haritz Larrañaga, Oier Larrañaga, Aner Lizaso, Dani Murgiondo, Eneko Odriozola, Iker Otaegi, Josu Uzkudun eta Haritz Zubimendi.

Eta honakoek ordezkatu dute Oiartzun: Xabier Aburuza, Mikel Aranburu, Haitz Aranburu, Aimar Arruti, Xabat Eskudero, Egoitz Etxabe, Oihan Etxeberria, Ekain Etxeberria, Ibai Etxeberria, Unax Landa, Mikel Leonet, Ibai Mitxelena, Ekain Mitxelena, Xabat Olaiz, Ekaitz Salaberria, Iker Ubiria, Andoni Ugalde, Imanol Ugalde, Iñigo Ugalde, Oier Zabaleta eta Eneko Zalakain.

 

 

 

Herriarteko Eskuzko Txapelketaren 53 edizioetatik Azpeitiak 43 alditan hartu du parte, eta Oiartzunek 37 bider.

Azpeitiak 12 final jokatu ditu torneo honetan eta, aurtengoa irabazita, 8. aldiz jantzi du txapela: 2004an (Hernaniren aurka), 2008an (Donostiari irabazita), 2010ean (Hernaniri), 2015ean (Tolosa mendean hartuta), 2016an (Astigarragaren kontra), 2017an (Oiartzunen aurka), 2018an (Atauni nagusituta) eta 2021ean (Oiartzuni). Eta beste 4tan izan da txapeldunorde: 1995 eta 1996an (bietan Azkoitiak irabazi zuen), 2007an (Arrasaterentzat txapela) eta 2019an (Astigarraga nagusitu zen). 2015etik honako final guztietan izan dira azpeitiarrak (2020ko edizioa ez zen jokatu COVIDagatik), eta txapelketaren historian lau txapel jarraian lortu dituen herri bakarra da (2015, 2016, 2017 eta 2018).

Oiartzunek 4 final jokatu ditu Herriartekoan, eta txapel 1 du irabazita: 2013an (Tolosaren aurka). 3 aldiz izan da txapeldunorde: 2014an (Donostiak irabazi zuen), 2017an (Azpeitiarentzat txapela) eta 2021ean (berriz ere Azpeitiarentzat).

 

 

 

Bi herriak bi aldiz izan dira aurrez aurre finalean Herriartekoan, 2017an eta 2021ean, eta bietan irabazi du Azpeitiak: 3-0 nagusitu ziren azpeitiarrak 2017an, eta aurten 2-1. Biak ala biak harro egon daitezke egindako lanaz.

 

 

 

Txapelak aipatuz, Azkoitia da nagusi Herriarteko Eskuzko Txapelketan, 16 baititu (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde). Segidan dira Azpeitia, 8 txapelekin (4 bider azpitxapeldun); Donostia, 6rekin (4tan txapeldunorde); Hernani, 5ekin (6tan bigarren); Segura, 4rekin (4 aldiz azpitxapeldun); Arrasate, 3kin (inoiz ez da txapeldunorde izan); Bergara, Zumarraga eta Idiazabal, 2rekin (hurrenez hurren, 2, 2 eta 0 bider azpitxapeldun); eta Usurbil, Oiartzun, Amezketa, Astigarraga eta Soraluze, txapel banarekin (bigarren 3, 3, 2, 1 eta 0 aldiz, hurrenez hurren). Ondorengo herriek txapelik ez dute, baina txapeldunorde izan dira Herriartekoan: Oñati, Zestoa, Tolosa, Urretxu, Beasain, Irun, Aretxabaleta, Lasarte-Oria, Berrobi eta Ataun (Oñati 4 aldiz izan da azpitxapeldun, Zestoa 2tan, Tolosa 3 bider, eta gainontzeko guztiak behin).

 

 

 

16 herri lehiatu dira autengoan eskuz: Aduna, Alegia, Amezketa, Andoain, Aretxabaleta, Astigarraga, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Bergara,Bidania-Goiatz, Hernani, Oiartzun, Oñati, Tolosa eta Zestoa. 

 

 

 

Herriarteko Eskuzko Txapelketaren inguruko informazio guztia webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa-Eskua atalean dago eskuragarri. Eta dagoeneko prest da irudi bilduma Argazki galeriak atalean.

 

 

 














Babesleak

Ir arriba