Andoain, Donostia, Errenteria eta Olaberria, Herriarteko Pala Txapelketaren finala jomuga
2021/05/19 | Lehiaketa
Finalerdien itzulikoak jokatuko dituzte jardunaldi honetan, eta bai Donostiak bai Errenteriak 2-0eko errenta dute; maiatzaren 30ko asteburuan izango da finala; zesta-puntako lehian, ligaxkako 3. jardunaldia jokatuko dute; eta bai gomazko paletaz bai eskuz, final-laurdenetara zein herri sailkatuko diren jakingo dugu
Azken txanpan da Gipuzkoako Herriarteko Pala Txapelketa. Hain zuzen ere, asteburuan jakingo dugu zein bi herri izango dira aurrez aurre finalean, finalerdien itzulikoak jokatuko baitituzte Andoainek eta Donostiak batetik, eta Errenteriak eta Olaberriak bestetik. Joaneko jaialdietan, Donostiak 2-0 (35-30, 40-36) irabazi zion Andoaini, eta Errenteria 0-2 (34-35, 33-40) gailendu zitzaion Olaberriari. Maiatzaren 30eko jardunaldian izango da finala. Bestetik, gomazko paletako lehian, final-laurdenetara zein herri sailkatuko diren jakingo dugu. Orio ez da lehia horretan izango, arazoak tarteko, txapelketa utzi behar izan baitu; eta bere aurkariak, Zarautzek, lortu du, beraz, final-laurdenetarako txarteletako bat. Zesta-puntako lehian, ligaxkako 3. jardunaldia izango da jokoan. Eta eskuko lehian, azkenik, final-laurdenetara sailkatuko diren herriak ezagutuko ditugu, final-zortzirenen itzulerakoak jokatuko baituzte. Gogoratu beharra dago, indarrean dauden neurriak jarraituz, jaialdi guztiak ateak itxita jokatuko direla.
Hauxe da, hain zuzen ere, asteburu honetako kartelera:
MAIATZAK 21, OSTIRALA - 18:00, Astigarraga-Udalekoa: ASTIGARRAGA / BERGARA (eskua) - 18:30, Azpeitia-Izarraitz: AZPEITIA / OÑATI (eskua) - 18:30, Mutriku-Miruaitz: MUTRIKU / ZUMAIA (zesta-punta) - 19:00, Azkoitia-Gurea: AZKOITIA / OIARTZUN (eskua) - 19:45, Andoain-Arrate: ANDOAIN / DONOSTIA (larruzko paleta eta pala motza)
MAIATZAK 22, LARUNBATA - 10:00, Astigarraga-Udalekoa: ASTIGARRAGA / AIA (gomazko paleta) - 10:00, Anoeta-Alkartasuna: ANOETA / AMASA-VILLABONA (gomazko paleta) - 10:30, Ataun-Auzoeta: ATAUN / ADUNA (eskua) - 11:00, Alegia-Elorri: TOLOSA / AZPEITIA (gomazko paleta) - 11:30, Andoain-Arrate: TOLOSA / ANDOAIN (eskua) - 11:30, Amezketa-Larrunarri: AMEZKETA / BIDANIA-GOIATZ (eskua) - 16:15, Zestoa-Gurutzeaga: ZESTOA / ALEGIA (eskua) - 16:45, Hernani-Udalekoa: HERNANI / SORALUZE (gomazko paleta) - 17:00, Errenteria-Agustina Otaola: ERRENTERIA / OLABERRIA (larruzko paleta eta pala motza) - 17:00, Andoain-Arrate: ANDOAIN / ZESTOA (gomazko paleta)
MAIATZAK 23, IGANDEA - 09:00, Donostia-Loiola: DONOSTIA / MUTRIKU (gomazko paleta) - 10:30, Azkoitia-Gurea: AZKOITIA / ERRENTERIA (gomazko paleta) - 11:00, Hondarribia-Jostaldi: HONDARRIBIA / DONOSTIA (zesta-punta) - 16:30, Hernani-Udalekoa: HERNANI / ARETXABALETA (eskua)
2021eko edizioan, 16 herri ari dira eskuz, 18 gomazko paletaz, 7 larruzko paleta eta pala motzaz, eta 4 zesta-puntaz. 448 pilotarik eman du izena txapelketan: 216 eskuzko lehiarako, 120 gomazkorako, 61 larruzko paleta eta pala motzekorako, eta 51 zesta-puntakorako. Hauexek dira parte-hartzaileak:
ESKUA
GOMAZKO PALETA
LARRUZKO PALETA ETA PALA MOTZA
ZESTA-PUNTA
Eskuz, aurreko edizioan (2019) baino hiru herri gutxiago lehiatuko da aurten, 16: Aia, Altzo, Amasa-Villabona, Asteasu eta Donostia ez dira izango; eta Alegia eta Amezketa dira talde berriak. Gomazko paletaz, bi herri gehiago lehiatuko dira, 18: aurten ez dute jokatuko Elgoibarrek, Irunek, Usurbilek eta Zumaiak; eta bai, ordea, Amasa-Villabonak, Debak, Oriok, Zarautzek, Zestoak eta Zumarragak. Palako lehian, 7 herrik hartuko dute parte, aurrekoan baina bat gutxiago: Lazkao ez da ariko aurten. Eta, azkenik, zesta-puntaz 4 herri lehiatuko dira, aurreko edizioko berberak.
Finalei dagokienean, lehendabizikoa, esan bezala, larruzko paleta eta pala motzeko lehiarena izango da, maiatzaren 30eko asteburuan. Zesta-puntako finalaren txanda izango da gero, ekainaren 20ko jardunaldian. Eta eskuzkoa eta gomazko paletakoa, azkenik, ekainaren 27ko asteburuan jokatuko dira.
Datu historikoei erreparatuta, Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien eskuzko txapelketan, 16, hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde); Azpeitia da bigarren palmaresean, 7 txapelekin (4 bider azpitxapeldun); eta Donostia hirugarren, 6rekin (4tan txapeldunorde). Azken edizioa Astigarragak irabazi zuen, eta Azpeitia izan zen txapeldunorde. Palaz, Donostiak ditu txapel gehien, 7 (6 aldiz izan da txapeldunorde); Andoain eta Olaberria dira bigarren postuan, 6 txapelekin (5 bider azpitxapeldun Andoain, eta 2 aldiz Olaberria); eta Errenteria da hurrengoa palmaresean, 5 txapelekin (3 ediziotan txapeldunorde). Olaberriak irabazi zuen 2019ko edizioan, eta Deba izan zen txapeldunorde. Zesta-puntaz Zumaia da jaun eta jabe, 9 txapelekin (10 aldiz txapeldunorde); Mutriku du atzetik, 6 txapelekin (3 bider azpitxapeldun); eta Tolosa da hirugarren postuan, 4 txapelekin (6tan txapeldunorde). Azken edizioa Mutrikuk irabazi zuen, eta Donostia sailkatu zen bigarren. Gomazko paletaz, azkenik, Donostiak eta Azkoitiak dute txapel bana. Eta Azpeitia eta Tolosa izan ziren, hurrenez hurren, 2018ko eta 2019ko edizioetako txapeldunordeak.
Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean egongo da eskuragarri txapelketaren inguruko informazio guztia. |
|