Gomazko paletako eta palako lehiekin hasiko da, asteburuan, Herriarteko Txapelketa
2021/04/28 | Lehiaketa
Ordizia vs Donostia, Deba vs Andoain eta Oiartzun vs Olaberria izango dira larruzko paleta eta pala motzako txapelketako jaialdiak; Soraluze vs Zumarraga eta Zestoa vs Deba, berriz, gomazko paletako lehiakoak
Asteburu honetan (2021-05-02) hasiko da 2021eko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, gomazko paletako eta larruzko paleta eta pala motzako lehiekin. Larruzko paleta eta pala motzako txapelketan, final-laurdenetako joanekoak jokatuko dituzte jardunaldi honetan; hiru jaialdi izango dira: Ordizia vs Donostia, Deba vs Andoain eta Oiartzun vs Olaberria. Eta gomazko paletako txapelketan, final-hamaseirenetako joanekoak izango dira jokoan: Soraluze vs Zumarraga alde batetik, eta Zestoa vs Deba bestetik. Partida guztiak ikuslerik gabe jokatu beharko dira.
Hauxe da asteburu honetako kartelera:
APIRILAK 29, OSTEGUNA - 18:00, Zestoa-Gurutzeaga: ZESTOA / DEBA (gomazko paleta)
MAIATZAK 1, LARUNBATA - 10:00, Soraluze-Udalekoa: SORALUZE / ZUMARRAGA (gomazko paleta)
MAIATZAK 2, IGANDEA - 10:30, Oiartzun-Madalensoro: OIARTZUN / OLABERRIA (larruzko paleta eta pala motza) - 11:00, Deba-Aldats: DEBA / ANDOAIN (larruzko paleta eta pala motza) - 16:30, Ordizia-Beti Alai: ORDIZIA / DONOSTIA (larruzko paleta eta pala motza)
Zesta-puntako lehiari hurrengo jardunaldian, maiatzaren 9koan, ekingo diote. Eta eskuzko txapelketa maiatzaren 16ko asteburuan jarriko da martxan. Albiste honi erantsitako dokumentuetan ikus daitezke egutegi guztiak.
Denboraldi honetan, 16 herri ariko dira eskuz, 18 gomazko paletaz, 7 larruzko paleta eta pala motzaz, eta 4 zesta-puntaz. 448 pilotarik eman du izena txapelketan: 216 eskuzko lehiarako, 120 gomazkorako, 61 larruzko paleta eta pala motzakorako, eta 51 zesta-puntakorako. Hauexek dira parte hartuko duten herriak:
ESKUA
GOMAZKO PALETA
LARRUZKO PALETA ETA PALA MOTZA
ZESTA-PUNTA
Eskuz, aurreko edizioan (2019) baina hiru herri gutxiago lehiatuko da aurten, 16: Aia, Altzo, Amasa-Villabona, Asteasu eta Donostia ez dira izango; eta Alegia eta Amezketa dira talde berriak. Gomazko paletaz, bi herri gehiago lehiatuko dira, 18: aurten ez dute jokatuko Elgoibarrek, Irunek, Usurbilek eta Zumaiak; eta bai, ordea, Amasa-Villabonak, Debak, Oriok, Zarautzek, Zestoak eta Zumarragak. Palako lehian, 7 herrik hartuko dute parte, aurrekoan baina bat gutxiago: Lazkao ez da ariko aurten. Eta, azkenik, zesta-puntaz 4 herri lehiatuko dira, aurreko edizioko berberak.
Finalei dagokienean, lehendabizikoa larruzko paleta eta pala motzako lehiarena izango da, maiatzaren 30eko asteburuan. Zesta-puntako finalaren txanda izango da gero, ekainaren 20ko jardunaldian. Eta eskuzkoa eta gomazko paletakoa, azkenik, ekainaren 27ko asteburuan jokatuko dira.
Datu historikoei erreparatuta, Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien eskuzko txapelketan, 16, hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde); Azpeitia da bigarren palmaresean, 7 txapelekin (4 bider azpitxapeldun); eta Donostia hirugarren, 6rekin (4tan txapeldunorde). Azken edizioa Astigarragak irabazi zuen, eta Azpeitia izan zen txapeldunorde. Palaz, Donostiak ditu txapel gehien, 7 (6 aldiz izan da txapeldunorde); Andoain eta Olaberria dira bigarren postuan, 6 txapelekin (5 bider azpitxapeldun Andoain, eta 2 aldiz Olaberria); eta Errenteria da hurrengoa palmaresean, 5 txapelekin (3 ediziotan txapeldunorde). Olaberriak irabazi zuen 2019ko edizioan, eta Deba izan zen txapeldunorde. Zesta-puntaz Zumaia da jaun eta jabe, 9 txapelekin (10 aldiz txapeldunorde); Mutriku du atzetik, 6 txapelekin (3 bider azpitxapeldun); eta Tolosa da hirugarren postuan, 4 txapelekin (6tan txapeldunorde). Azken edizioa Mutrikuk irabazi zuen, eta Donostia sailkatu zen bigarren. Gomazko paletaz, azkenik, Donostiak eta Azkoitiak dute txapel bana. Eta Azpeitia eta Tolosa izan ziren, hurrenez hurren, 2018ko eta 2019ko edizioetako txapeldunordeak.
Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean egongo da eskuragarri txapelketaren inguruko informazio guztia. |
|