Dena prest 2021eko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari ekiteko
2021/04/21 | Lehiaketa
16 herri lehiatuko dira eskuz, 18 paleta gomaz, 7 pala motzez eta larruzko paletaz, eta 4 zesta-puntaz; maiatzaren 2ko asteburuan hasiko da txapelketa, gomazko paletako eta palako lehiekin, maiatzaren 9koan abiatuko da zesta-puntakoa, eta maiatzaren 16koan eskuzkoa; osasun egoerak baldintzatuta, besteak beste, ez da jendaurreko aurkezpenik izan aurten, eta ezin izango da ikuslerik joan jaialdietara
Dena dago prest 2021eko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari hasiera emateko. COVIDagatik, iazko edizioa ezin izan genuen antolatu, eta aurtengorako gogotsu daude pilotariak eta zaleak. Egungo osasun egoera dela eta, ezin izan dugu ohiko aurkezpen ekitaldirik antolatu, eta parte hartuko duten herrien ordezkariekin telematikoki bildu ginen atzo (2021-04-20), kanporaketen zozketak egiteko. Albiste honi erantsitako dokumentuetan ikus daitezke zozketak erabakitakoak.
16 herri ariko dira eskuz, 18 gomazko paletaz, 7 pala motzez eta larruzko paletaz eta 4 zesta-puntaz. Hain zuzen ere, honakoak dira:
ESKUA
GOMAZKO PALETA
PALA MOTZA ETA LARRUZKO PALETA
ZESTA-PUNTA
Eskuz, aurreko edizioan (2019) baina hiru herri gutxiago lehiatuko da aurten, 16: Aia, Altzo, Amasa-Villabona, Asteasu eta Donostia ez dira izango; eta Alegia eta Amezketa dira talde berriak. Gomazko paletaz, bi herri gehiago lehiatuko dira, 18: aurten ez dute jokatuko Elgoibarrek, Irunek, Usurbilek eta Zumaiak; eta bai, ordea, Amasa-Villabonak, Debak, Oriok, Zarautzek, Zestoak eta Zumarragak. Palako lehian, 7 herrik hartuko dute parte, aurrekoan baina bat gutxiago: Lazkao ez da ariko aurten. Eta, azkenik, zesta-puntaz 4 herri lehiatuko dira, aurreko edizioko berberak.
Gomazko paletako eta palako lehiekin hasiko da txapelketa, maiatzaren 2ko asteburuan. Zesta-puntakoa gehituko zaie ondoren, maiatzaren 9ko jardunaldian. Eta eskuzkoa abiatuko da azkenik, maiatzaren 16ko asteburuan.
Finalei dagokienean, lehendabizikoa larruzko paleta eta pala motzeko lehiarena izango da, maiatzaren 30eko asteburuan. Zesta-puntako finalaren txanda izango da gero, ekainaren 20ko jardunaldian. Eta eskuzkoa eta gomazko paletakoa, azkenik, ekainaren 27ko asteburuan jokatuko dira.
Datu historikoei erreparatuta, Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien eskuzko txapelketan, 16, hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde); Azpeitia da bigarren palmaresean, 7 txapelekin (4 bider azpitxapeldun); eta Donostia hirugarren, 6rekin (4tan txapeldunorde). Azken edizioa Astigarragak irabazi zuen, eta Azpeitia izan zen txapeldunorde. Palaz, Donostiak ditu txapel gehien, 7 (6 aldiz izan da txapeldunorde); Andoain eta Olaberria dira bigarren postuan, 6 txapelekin (5 bider azpitxapeldun Andoain, eta 2 aldiz Olaberria); eta Errenteria da hurrengoa palmaresean, 5 txapelekin (3 ediziotan txapeldunorde). Olaberriak irabazi zuen 2019ko edizioan, eta Deba izan zen txapeldunorde. Zesta-puntaz Zumaia da jaun eta jabe, 9 txapelekin (10 aldiz txapeldunorde); Mutriku du atzetik, 6 txapelekin (3 bider azpitxapeldun); eta Tolosa da hirugarren postuan, 4 txapelekin (6tan txapeldunorde). Azken edizioa Mutrikuk irabazi zuen, eta Donostia sailkatu zen bigarren. Gomazko paletaz, azkenik, Donostiak eta Azkoitiak dute txapel bana. Eta Azpeitia eta Tolosa izan ziren, hurrenez hurren, 2018ko eta 2019ko edizioetako txapeldunordeak.
Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean egongo da eskuragarri txapelketaren inguruko informazio guztia.
Osasun egoerak eskatutako protokolo eta neurriekin jokatuko da aurtengo txapelketa, ikuslerik gabe, besteak beste. Ea gorabehera eta ezusteko handirik ez den sortzen, eta martxa onean jokatzeko modua dagoen. Zorte on denoi! |
|