Etchelecu-Montes txapeldun Kutxa Sarian

2011/03/01 | Lehiaketa

19-30 irabazi diete Espinar-Ruiz de Larramendiri finalean; Caset-Mendizabalentzat izan da 3. postua, Muneta-Gracieti 23-30 gailendu eta gero

Otsailaren 26an, larunbata, jokatu zen, Tolosako Beotibar pilotalekuan, Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sariko finala. Etchelecu-Montes bikoteak jantzi du 2010-11 edizioko txapela, Espinar-Ruiz de Larramendiri 19-30 irabazi ondoren. Aurretik, jaialdiaren lehen partidan, 3. eta 4. posturako lehia jokatu zuten Muneta-Graciet eta Caset-Mendizabal bikoteek; bigarrenentzat izan da saririk goxoena, 23-30 gailendu baitzaizkie gorriei. Hona hemen, zehaztz-mehatz, jaialdia:
 

*Otsailak 26, larunbata, 11:30, Tolosa-Beotibar

1. 3.-4. postuak: Muneta-Graciet  23 /  CASET-MENDIZABAL  30
2. FINALA: Espinar-Ruiz de Larramendi  19 /  ETCHELECU-MONTES  30

 

Jaialdiko lehendabiziko partidak hiru ordu laurdeneko iraupena izan zuen, eta erritmo azkarra izan zen ezaugarririk nagusiena. Bikote urdinak Alegiako arantza ateratzeko gogoa zuela esan liteke euren jardunari erreparatuta. Izan ere, partidan erabat sartuta eta kontzentrazio handiz kantxaratu ziren Caset eta Mendizabal. Horren erakusle da, hasiera-hasieratik markagailuan aurrea hartzeaz gain, berehala zulo handia, kasu askotan ia irauli ezina, ireki zutela markagailuan: 2-11, 4-16, 5-22 eta 6-25, besteak beste. Gorriak ere gogotsu hasi ziren, baina ez zuten euren egunik onena izan, menpean aritu baitziren ordura arte. Hala ere, “piztualdi” dezentea izan zuten, eta, horri esker, bikote urdinak ere huts gehiago egin, ordura arte lasai eta seguru jokatu zuten, urduritu eta markagailuan 15-26 jartzea lortu zuten eta baita 23-29 ere. Amaieran, ordea, baigorriarrarentzat eta anoetarrarentzat izan zen 3. postua, eta azken honen ahal teknikoaz gozatzeko parada izan zen tanto zoragarriei esker. Muneta-Gracietentzat, berriz, txapelketako laugarren koska. 

 

Finaleko norgehiagokak, bestalde, ordu eta hogei minututik gorako iraupena izan zuen. Beraz, markagailuak adieraz lezakeena baino gogor, luze eta borrokatuagoa izan zela esan genezake. Jokoa batez ere piloteatua izan zen, tantorik gehienak atzeko koadroetan erabakiz, arriskuak neurrian eta egoera jakinetan baizik ez baitzituzten hartu. Partidaren erdialdera arte, gutxi gorabehera, oreka izan zen nagusi, bai jokoan eta baita markagailuan ere: 3-1, 5-5, 8-10 eta 11-12. Hortik aurrera, ordea, Amaia Etchelecuren laguntza lan bikain eta kolpe biziei eta Ainhoa Montesen sendotasunari esker, 11-19 aurreratu eta tanto aldea mantendu zuten amaierara arte: 12-22, 16-25, 17-26 eta 19-30. Maite Ruiz de Larramendik pilotakada izugarriak jo zituen (9tik 10era ere bai), baina, ez zituen nahi bezainbeste itsatsi ezker hormara. Espinarrek, aldiz, oso aktibo eta partidan sartuta hasi bazen ere, erdialdean parte-hartze txikiagoa izan zuen eta hala zaila da tantoak amaitzea, are gehiago aurkariek kantxa hain ondo zaindu eta, Etchelecuk batez ere, ezinezkoak ziruditen pilotak itzultzeko gaitasuna izanda. Amaia Etchelecuk oso txapelketa ona osatu du, eta Ainhoa Montesek ere ongi baino hobeto burutu du bere zeregina jardunaldiz jardunaldi. Lehenak 5,5-6tik pilota asko kendu eta atzera pilotakada indartsu eta ezker hormara bideraturiko asko jo ditu partida guztietan, aurkako atzelarien ezkerra bilatu eta aurkituz, pilota 3-4an hartu eta berriz ere aprobetxatuz. Ainhoa, berriz, oso segurua da eta pilota oso gutxi galdu ditu. Oso bikote orekatua osatu dute eta horrek zerikusi handia izan du euren elkar ulermen eta garaipenean. Merezimendu osoz etxeratu zituzten txapelak. 

 

250 lagun inguru bildu ziren Tolosako Beotibarrera, eta giro goxoa izan zen. Amaieran, antolatzaile zein parte-hartzaileak, denak gustura eta hurrengo edizioren baten zain geratu ziren. 

 

Informazio gehiago  www.blogak.com/emakumeapilotari atarian edo webgune honetako Lehiaketa atalean.

 

 

 










Ir arriba