Martxan da eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa

2017/10/17 | Lehiaketa

2. urteko alebinen eta 1. eta 2. urteko infantilen mailako 260 bat pilotari lehiatuko dira txapelketa honetan; urtea bukatzearekin batera jokatuko dira finalak

Asteburuan (2017-10-22) hasiko da eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa. 2. urteko alebinek eta 1. eta 2. urteko infantilek hartzen dute parte lehia honetan. Esan bezala, eskuz banaka aritzen dira, baina klubaren izenean.

 

 

Eskuko espezialitateari dagokionean, denboraldiko Errendimenduko lehendabiziko txapelketa da hauxe, abendu bukaerara arte luzatzen dena. Urte berriarekin batera hasiko da bigarrena, martxora bitarte: Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa hau ere, baina eskuz binaka. Eta, azkenik, apirila aldean eta ekainaera arte jokatuko dira azken bi lehiak: Errendimenduko Udaberri Saria, eskuz binaka, eta Berezkoen Gipuzkoako Txapelketa, eskuz banaka.

 

 

Denera, 259 taldek hartuko du parte eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketan. 2. urteko alebinetan, 103 pilotari lehiatuko dira, 18 multzotan banatuta. 1. urteko infantiletan 85 pilotarik eman dute izena, eta 15 multzo osatu dituzte. Eta 2. urteko infantiletan, azkenik, 71 pilotari ariko dira, 12 multzotan banatuta.

 

 

Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute guztiek, urriaren 22tik azaroaren 19ra bitartean. Eta denek jarraituko dute aurrera bigarren fasera, kanporaketena. Hain zuzen ere, maila guztietan, multzo bakoitzeko 1. eta 2. sailkatuak Gipuzkoako Txapelketan lehiatuko dira. Eta 3. postutik 6.era sailkatutakoek eskualdeko txapelketak jokatuko dituzte, bitan banatuta: Ekialdeko Txapelketa eta Mendebaldekoa.

 

 

Abenduaren 24ko astebururako daude aurreikusita finalerdiak. Eta abenduaren 31ko jardunaldian izango dira ikusgai finalak, oraindik zehazteko dauden egoitzetan. 

 

 

Xehetasun guztiak Lehiaketa-Errendimendua-Gipuzkoa eskuz banaka atalean aurki daitezke, eta bai bertan bai Kartelera atalean txapelketaren astez asteko jarraipena egin.

 

 

 










Ir arriba