Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sariko finalerdiak, igandean, Alegian

2011/02/16 | Lehiaketa

Espinar-Ruiz de Larramendi eta Muneta-Graciet bikoteak lehiatuko dira lehendabiziko partidan; jarraian, Caset-Mendizabal eta Etchelecu-Montes

Igandean, hilak 20, jokatuko dira Ezker Hormako Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sariko finalerdiak, Alegian. 11:30ean hasiko da jaialdia: 
 

*Otsailak 20, igandea, 11:30, Alegia

1. Espinar-Ruiz de Larramendi / Muneta-Graciet
2. Caset-Mendizabal / Etchelecu-Montes

 

Jaialdiko lehen partidan, urte askoan elkarrekin bikotea osatu duten eta oraindik ere hamaika bider batera aritzen diren bi pilotari handi izango dira aurrez aurre: Maite Ruiz de Larramendi eta Susana Muneta.  Palmares amaigabe bezain oparoa dute biek ala biek. Lehena egungo trinketeko munduko txapelduna da, eta bigarrena, aldiz, iazko frontoiko Kutxa Sariko garaileetako bat, besteak beste. Patri Espinar aurrelari biziaren eta Severine Graciet atzelari indartsuaren jokoak ere izango du zeresanik, hutsik gutxien egiten dituenak finalerako txartela eskura izan baitezake. Beraz, faboritorik gabeko eta tentsio zein urduritasun handiko norgehiagoka espero da.

 

Bigarren finalerdiak ere aurrekoaren tankera du. Gorriak ligaxkan partidarik galdu gabe datoz; dena den, aurrez baturiko puntuek ez dute garrantzirik, partida bakarrean erabakiko baita nork egingo duen aurrera eta nor geldituko den finaletik kanpo. Amaia Etchelecu eta Ainhoa Montesen jokoak oso ondo bateratu dira orain arte, baten kolpe bizia eta bestearen iraupen zein erregulartasunak tandem ederra osatu baitute. Aurore Caset eta Maider Mendizabalek ere elkar ulermen handia erakutsi dute, eta bigarrenaren ahal teknikoa parekorik gabea da une honetan. Beraz, hau ere finalerdi estua eta faborito argirik gabekoa izango da. Ikuskizuna ziurtaturik dago, beraz.

 

Txapelketaren jarraipena egin ahal izango duzue www.blogak.com/emakumeapilotari atarian edo webgune honetako Lehiaketa eta Kartelera ataletan.

 

 

 










Ir arriba