Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria. Ligaxkako azken jardunaldia, Azkoitian

2011/02/10 | Lehiaketa

Igandean, hilak 13, jokatuko dira, Azkoitiko Gurea pilotalekuan, Ezker Hormako Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sariko ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldia. Hona hemen jaialdia:

*Otsailak 13, igandea, 11:30, Azkoitia-Gurea

1. ESPINAR-RUIZ DE LARRAMENDI / ELGUEZABAL-AROZENA
2. MANZISIDOR-SERRE / CASET-MENDIZABAL

 

Etchelecu-Montes bikoteak lortua du dagoeneko finalerdietarako txartela, eta jaialdiaren lehen partida honetan erabakiko da nork lortuko duen bigarrena. Bi bikoteak egoera ezberdinean iritsiko dira, gorriak aurreko partida irabazita eta urdinak, aldiz, galduta. Beraz, Espinar-Ruiz de Larramendik garaipena eskuratuz gero multzoko lehen postuan jarriko lirateke. Elguezabal eta Arozenak, ordea, irabazteaz gain aurkariak tanto kopuru baxuan utzi behar dituzte sailkatu nahi badute.

Bi atzelariak trinketeko egungo munduko txapeldunak dira eta, dotore jokatzeaz gain, ez dute tantoak amaitzeko presa handiegirik izaten; beraz, lehia orekatu eta gogorra izatea espero da. Aurrelarietan, aldiz, Elguezabal trinketeko munduko txapeldunordea da, eta Espinar orain urte batzuk 22 urtez azpiko munduko txapeldun izandakoa.

 

Bigarren partidan, bestalde, B multzoko bi sailkapen-txartelak daude jokoan. Kasu honetan ere oso egoera ezberdinetan kantxaratuko dira bi bikoteak. Gorriek ezinbestekoa dute garaipena lehian jarraitzeko, eta urdinek lortu dute dagoeneko garaipen bat. Manzisidor eta Serrek ere, irabazteaz gain, tanto alde handia lortu beharko dute ezinbestean.

Amaya Serre munduko egungo txapeldunetako bat da, eta Maider Mendizabalek ere irabazia du goi-mailako txapelketa hau. Manzisidorrek eta Casetek ere euren lana txukun betetzeko asmoa izango dutenez, partida polit eta lehiatua aurreikusten da.

 

Txapelketaren jarraipena egin ahal izango duzue www.blogak.com/emakumeapilotari atarian edo webgune honetako Lehiaketa eta Kartelera ataletan.

 

 

 










Ir arriba