Gipuzkoako I Pilota Eguna, ate joka

2017/05/10 | Lehiaketa

Maiatzaren 21ean izango da, Donostian; sexu eta adin guztietako 1000 pilotarik hartuko dute parte, eta hainbat jokamoldetako 250 partida izango dira ikusgai; festa egun handia iragartzeko prentsaurrekoa eskaini dute gaur

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak Gipuzkoako I Pilota Eguna antolatu du, maiatzaren 21erako. Lurraldeko pilotari eta pilotazale oro batuko dituen eguna izan nahi du, sexu eta adin guztietakoak. Era berean, euskal pilota gizartean ikusarazteko eta jokamolde aniztasuna erakusteko ekimena izan nahi du; hartara, eskupilota, pala, erremontea, zesta-punta, joko garbia, bote-luzea, pasaka eta pilota egokitua izango dira ikusgai estrainekoz egingo den festa egun honetan. Sexu eta adin guztietako 1000 pilotarik hartuko dute parte goizeko partida eta erakustaldietan. Eta guztira 250 norgehiagoka inguru jokatuko dira.

 

Egitarauaren berri eman dute gaur goizean (2017-05-10), Donostiako udaletxeko prentsa aretoan, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko presidente Andoni Lertxundik, Donostiako Udaleko Kirol zinegotzi Martin Ibabek, Gipuzkoako Ostalarien presidente Mikel Ubarretxenak, eta Jokin Altuna pilotari profesionalak.

 

Goiz osoan zehar hainbat jokamoldetako partidak jokatuko dira Amara auzoko pilotaleku ezberdinetan: Atano III.ean, Gaska trinketan, Carmelo Baldan eta Gaska kiroldegiko atzeko frontoi irekian. Era berean, kaleko presentzia areagotzeko, pilotaleku mugikor bat jarriko da Ferrerias plazan, eta eremu ireki egoki bat hautatuko da euskal pilotako joko zuzenen erakustaldi bat egiteko.

 

13:00ak aldera, barrene solidario bat antolatuko da pilotaleku mugikorrean, pilota munduko pertsona ezagunekin: kazetariak, profesional ohiak, kultura zein telebista munduko jendea... Barrene honetan ateratzen den dirua Crohn gaixotasuna duten pertsonak batzen dituen asoziazioari laguntzeko erabiliko da. Maiatzaren 19an da Crohn gaixotasunaren aldeko Munduko Eguna, eta elkarte horrek urtero Donostian egiten duen lasterketa egin beharrean, Pilota Eguna baliatu nahi du beraien aldarrikapena egin eta dirua lortzeko.

 

Arratsaldean, profesionalen eskuko jaialdia izango Atano III.a pilotalekuan. Bertan, Buruz Buruko Txapelketaren 3 eta 4. postuetarako partida jokatuko da, besteak beste. Jaialdia hasi aurretik, 16.30ean, Gipuzkoako pilota elkarteek aukeratutako zenbait lagunek oroigarria jasoko dute, pilotaren alde egindako lana eskertzeko.

 

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko presidente Andoni Lertxundik gogorarazi du Gipuzkoako pilota familia ez dutela pilotariek soilik osatzen, baita entrenatzaileek, pilotarien gurasoek, eskoletako bolondresek, pilotarien alde egiten duten agintariek, enpresa babesleek eta pilotazale guztiek ere. Eta, era berean, eskertu die Udalari, ostalariei eta pilotari profesionalei eguna gauzatu dadin emandako laguntza.

 

Gipuzkoako Ostalarien presidente Mikel Ubarretxenak, bere aldetik, azpimarratu du ostalarien prestutasuna Pilota Eguna bezalako ekimenekin; izan ere, kasu honetan, Amarako taberna zein jatetxeei mugimendua emango die, eta are gehiago, Crohn gaixotasunaren aldeko ekimen solidarioarekin kolaboratzeko aukera emango die.

 

Donostiako Udaleko Kirol zinegotzi Martin Ibabe pozik da Gipuzkoako Pilota Eguna Donostian egingo delako: "Donostiak beti izan du lotura estua pilotarekin. Historian zehar Atano III.ena pilotalekuak partida handiak hartu izan ditu, eta pilotazaleentzako toki historikoa izan da. Espero dugu elkarlanean horrela izaten jarraitzea eta gauza handiak egiten jarraitzea".

 

Azkenik, Jokin Altuna pilotariak pilotazale guztiak animatu ditu maiatzaren 21ean Donostiara hurbiltzeko Gipuzkoako I. Pilota Egunean parte hartzera: "Pilotaren familia oso handia da, eta guztiok egun ederra eta solidarioa pilotaz gozatzen pasatzeko aukera izango dugu".

 

 

 










Ir arriba