GEPFk 2019-20 denboraldia behin betiko bertan behera uztea erabaki du

2020/05/27 | Lehiaketa

Azken unera arte eutsi nahi izan dio federazioak denboraldiarekin jarraitzeko aukerari, eta hainbat proposamen lantzen joan da egunotan, baina gaur gaurkoz ez dago horretarako bermerik; klubei izan duten pazientzia eta jarrera benetan eskertu nahi die

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) 2019-20 denboraldia behin betiko bertan behera uztea erabaki du. Zuzendaritzak gaur (2020-05-27, asteazkena) egin duen bileran hartu du erabakia.

 

Azken unera arte eutsi nahi izan dio federazioak denboraldiarekin jarraitzeko aukerari, eta hainbat proposamen lantzen joan da egunotan; baina COVID-19 dela-eta sortutako egoera eta aurreikuspenak aztertuta, eta denon ongizatea lehenetsiz, bere eskumena diren lurralde mailako federatuen txapelketa guztiak bertan behera uzteko erabakia hartu behar izan du. Izan ere, ekaineko lehen astea zen GEPFrentzat txapelketak hasteko azken aukera, baina gaur gaurkoz ez dago horretarako bermerik (instalakuntzen irekiera, erabilera, segurtasun irizpideak eta protokoloak...).

 

Gauzak horrela, oraindik jokatzekoak ziren txapelketak ezin izango ditugu antolatu:

  • Herriarteko Txapelketa
  • Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa, eskuz banaka lau t'erdian (gizonezkoak eta emakumezkoak)
  • Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa, zesta-punta banaka
  • Gipuzkoako Errebote Txapelketa
  • Gipuzkoako Eskuko Pasakako Txapelketa

 

Eta ezta martxoan etenda gelditu ziren txapelketak bukatu ere:

  • Udaberri Saria
  • Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa, joko garbi
  • Trinketeko Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa, paleta argentinarra neskak

 

 

Ez da erraza izan erabaki hau hartzea, ezta gustukoa ere, eta nahi baino gehiago atzeratu behar izan dugu, gure esku ez dauden hainbat faktoreengatik. Klubei izan duten pazientzia eta jarrera benetan eskertu nahi diegu. Ea lehenbailehen frontoietan topo egiteko modua dugun, eta 2020-21 denboraldiari normaltasunez ekin. Eutsi horri!

 

 

 










Ir arriba