Eskuzko pilotak botearen arabera inpugnatzeko protokoloa, proba fasean

2020/01/29 | Lehiaketa

Udaberri Saria erabili nahi du GEPFk proba moduan, eta kluben balorazioak eta iritziak jaso eta aztertu; behin betiko proposamena Batzar Nagusira eramatea da asmoa, ideia balioztatzen saiatzeko, eta datorren denboralditik aurrera gainontzeko txapelketetan ere martxan jarri ahal izateko.

Esku pilotako espezialitatean materialaren bizitasunarekin dagoen arazo gatazkatsuari irtenbide bat eman nahian, pilotak inpugnatzeko protokoloa ezartzea proposatu die Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) lurraldeko klubei, materiala gehiegizkoa iruditzen zaienei (bai biziegia delako, baita motelegia delako ere) defendatzeko balioko diena.

 

 

 

Pilotalekuan hainbat proba egin eta inpugnatzeko protokoloa zein izan daitekeen eztabaidatu ondoren, zera egin dugu: alde batetik, eranskin bat sortu, non kategoria bakoitzerako egokitzat jotzen ditugun ibilbideak azaltzen diren (gehienezko eta gutxieneko baten artean). Bestetik, protokolo bat landu dugu, jokatzeko proposatutako materialarekin taldeen artean adostasunik ez dagoenean, jarraitu beharreko urratsak zeintzun diren zehazteko.

 

 

 

Gauzak horrela, Udaberri Saria erabili nahi dugu proba moduan. Behin txapelketa amaitzean, kluben balorazioak eta iritziak jaso nahiko genituzke (inkesta baten bidez). Horiek bilduta, guztiak aztertzea eta ondorioak ateratzea izango litzateke hurrengo pausoa. Eta behin betiko proposamena Batzar Nagusira eraman nahiko genuke, ideia balioztatzen saiatzeko, hala datorren denboralditik aurrera gainontzeko txapelketetan ere martxan jarri ahal izateko.

 

 

 

Albiste honi erantsitako artxiboan kontsulta eta deskarga daiteke sortutako eranskina ('Eskuko piloten ibilbidea').

 

 

 

Eta protokoloari dagokionean, ondorengo lerrotan laburbilduko ditugu ildo nagusiak:

 

  • Sakearen zozketaren aurretik (txaparen jaurtiketa), talde bakoitzak beste taldeak proposatutako materiala aztertuko du. Ondoren, pilotak kodifikatuko dira.
     
  • Bi taldeetako batek uste badu besteak aurkeztutako pilotaren bat ez dela jokatzeko egokia (biziegia edo motelegia dela iritzita), aurkariari pilota hori erretiratzeko eska diezaioke. Kasu honetan, pilota egokia den ala ez erabakitzeko irizpideak eranskinean ezarritakoak izango dira ('Eskuko piloten ibilbidea').
     
  • Bi lehiakideen artean pilota erretiratzeko adostasuna badago:
     
  1. Pilota inpugnatu zaion taldeak pilota hori beste batengatik alda dezake, baina aurkariak onartua izan beharko du. Hiru aldiz ezezkoa jasotzen balu, talde inpugnatuak ezin izango du beste aldaketarik proposatu.
  2. Saskian gutxieneko pilota kopurua (4) egongo ez balitz, talde inpugnatzaileak osa lezake, 4 pilota egon arte, araudiak dioen bezala.
  3. Aukeratutako pilotekin bakarrik jokatuko da partida.
     
  • Bi lehiakideen artean pilota erretiratzeko adostasunik ez badago:
     
  1. Partida ez da jokatuko.
  2. Bi taldeetako ordezkariek pilota sinatu egingo dute.
  3. Talde inpugnatzaileak argazkia aterako dio pilotari eta whatsapp taldera bidaliko du irudia (taldean GEPF eta 2 parte-hartzaileak egongo dira sartuta).
  4. Talde inpugnatzaileak pilota GEPFra eramango du jardunaldi horren ondorengo asteleheneko 19:00ak baino lehen (nolanahi ere, partida jokatu eta 72 ordu igaro baino lehen).
  5. GEPFk, eranskina ('Eskuko piloten ibilbidea') erreferentziatzat hartuta, pilota inpugnatua(k) aztertuko d(it)u eta materialaren baliozkotasuna erabakiko du.
  6. Arrazoia ematen zaion taldea partida irabazletzat joko da (2 puntu), eta bere aurkariari ez-agertzea emango zaio (0 puntu).
  7. Elkarteren batek hainbat aldiz galtzen baldin baditu inpugnazio kasuak (inpugnatzaile edo inpugnatu gisan), GEPFk beste neurri batzuk har ditzazke.
 

 

 










Ir arriba