Aisian edo federatuta, denak pilotari

2016/12/23 | Lehiaketa

Festa bikaina izan da Tolosako Beotibar pilotalekuan: Emakume Pilotarien Txapelketa Herrikoi Azkarreko partidetaz eta Ezker Hormako Emakumea Pilotari Txapelketako finaletaz gozatzeko aukera; Amaia Vicariok eta Ane Arregik irabazi zuten txapelketa herrikoia, eta Rodas-Arrillaga (2.maila) eta Otaegi-Mendizabal (1.maila) bikoteek Emakumea Pilotari Txapelketa

Joan den larunbatean (2016-12-17), festa bikainaz gozatzeko aukera izan genuen Tolosako Beotibar pilotalekuan

 

Emakume Pilotarien Txapelketa Herrikoi Azkarreko partidak jokatu ziren, etenik gabe, 10:00etatik 17:00ak bitarte. Giro paregabea egon zen pilotalekuan, eta partida politak ikusteko aukera izan genuen. 
 

Lehenik, ligaxka jokatu zuten guztiek, 24 partida denera. Ondoren final-laurdenak, finalerdiak eta finala. Guztira, 31 partida 7 ordutan. Final-laurdenetako eta finalerdietako neurketak emozioz beterikoak izan ziren, lehia gehienak estu joan baitziren eta, gainera, denbora jakin batera izateak (10 min.) emozioa areagotu egin baitzuen. Finalari dagokionez, Amaia Vicario eta Ane Arregi antiguatar pilotari gazteek, txapelketa osoan bezala, beraien nagusitasuna agerian utzi zuten, eta 12 eta 4ko emaitzarekin irabazi zieten Ainara Azpiazu eta Jasone Urruzolari.
 

Txapelak haiek jantzi bazituzten ere, esan genezake parte-hartzaile guztiak (44 emakume) izan zirela txapeldun larunbatean.

 

 

Festa ez zen hor bukatu, eta ondoren federatu mailako Emakumea Pilotari Txapelketaren finaletaz gozatzeko aukera izan zuten Beotibarrera bildutakoek. 30 pilotari lehiatu dira txapelketa honetan, bi mailatan banatuta.


2.mailan, Rodas-Arrillaga bikoteak Otaegi-Erasun bikoa izan zuen aurkari. Hasiera batean partida orekatua aurreikusten zen eta, faborito bat aukeratzekotan, Otaegi-Erasun bikotearen alde egiten zuten gehienek, batez ere Erasunek duen lasaitasun eta ziurtasunarengatik. Larunbatean, ordea, Erasunek eta Arrillagak paperak aldatu egin zituzten eta pilotari lasaia eta ziurraren papera Arrillagak egin zuen. Ezin dugu ezbaian jarri berak duen potentzia pilota jotzerakoan, ezta jokaldiak egiterakoan ere; baina askotan presa eta kontrol faltaren eraginez huts asko egiten ditu. Larunbatean, ordea, bikain aritu zen, pilotakada indartsuak jo zituen, Erasun asko mugiarazi zuen eta tantoak amaitzerakoan fin ibili zen. Horrela jarraitzen badu laster da lehen mailan jokatzen. Ezin dugu aipatu gabe utzi Rodasek aurrean erakutsi zuen azkartasuna, eta meritu askoko pilota zailak eraman zituen, bikote aurkariaren ernegaziorako. Partida hasieratik jaun eta jabe izan ziren Rodas eta Arrillaga, eta Otaegi eta Erasun aurre egiten saiatu baziren ere, amore eman behar izan zuten. Azken emaitza 30-16koa izan zen.


1. mailako finalerako ez zegoen faborito argirik. Ligaxkan elkarren aurka jokatutako partidan Garmendia-Eizmendi tanto bakar batez gailendu zitzaizkien Otaegi-Mendizabali, eta Mendizabal kantxan izanda zaila da faboritotzat ez jotzea, fisikoki ondo ez badago ere beste alor guztietan (teknikoa, taktikoa eta psikologikoa) besteak baino bi edo hiru koska gorago baitago. Otaegi-Mendizabal bikotea partidan sartuago hasi zen, eta batez ere beste bikotearen hutsegiteei esker, markagailuan 11 eta 4ko zuloa egin zuten. Garmendia-Eizmendi bikotea ez zen kikildu, ordea; Garmendia jokoan gehiago sartzen hasi zen, eta aurrean tantoak amaitzeko aukerak aprobetxatu zituen eta markagailuan pixkanaka- pixkanaka aurkariengana hurbiltzen. Partida osoan ondo eutsi zion Mendizabali, eta honek bere arma guztiak erabili behar izan zituen. Otaegik ondo bete zuen bere lana, meritu handiko pilotak eraman zituen, aukera zuenean ondo erasotu zuen eta bere lekua ez zuen inoiz galdu. Tanto nahasi eta ikusgarriak ikusi ziren partidan zehar, jendeak gozatzeko aukera izan zuen, eta azkenerarte iraun zuen, gainera, emozioak, 27nako berdinketa egon baitzen. Berdinketa honen ostean, Garmendiak ez zuen asmatu erasotzerako garaian eta Mendizabalek, bere teknika argi utziz, txokoan egin zuen azken tantoa. Azken emaitza, beraz, 27-30.

 

 

Zorionak guzti-guztiei!

 

 

*Webgune honetako Argazki galeriak atalean daude ikusgai egunak utzitako hainbat eta hainbat irudi.

 

 

 










Ir arriba