Emakume pilotariak protagonista, larunbatean, Tolosan

2016/12/15 | Lehiaketa

Emakume Pilotarien Txapelketa Herrikoi Azkarra hartuko du Beotibar frontoiak, 10:00etatik 17:00etara; eta ondoren, 17:15ean hasita, Ezker Hormako Emakumea Pilotari Txapelketaren finalak izango dira ikusgai

Emakume pilotariak izango dira protagonista, larunbatean (2016-12-17), Tolosako Beotibar pilotalekuan. Emakume Pilotarien Txapelketa Herrikoi Azkarra jokatuko da, 10:00etatik 17:00etara bitartean. Eta, ondoren, 17:15ean hasita, Ezker Hormako Emakumea Pilotari Txapelketaren finaletaz gozatzeko aukera izango da.

 

 

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko (GEPF), Tolosako Udaleko eta herriko Aurrera eta Tolosa klubetako ordezkariek prentsa agerraldia egin zuten Beotibarren bertan, festa horretan parte hartuko duten eta lehiatuko diren hainbat emakumerekin batera (aurkezpenaren hainbat argazki ikusgai daude webgune honetako Argazki galeriak atalean).

 

 

GEPFko Emakumea Pilotari proiektuko koordinatzaile Ainhoa Garmendiak estreinakoz antolatu den Emakume Pilotarien Txapelketa Herrikoi Azkarraz mintzatu zen lehenik, eta azpimarratu zuen ekimen honekin "emakume pilotari herrikoien presentzia indartu eta sustatu" nahi dela, "pilota, kirola eginez ondo pasatzeko beste modu bat izan daitekeela erakutsi". Hain zuzen ere, Emakumea Pilotari proiektuaren hiru ardatzetako bat da aisialdiarena.
 

23 bikotek eman dute izena txapelketa honetan, eta Gipuzkoako hainbat herritatik iritsiko dira Tolosara: bertakoez gain, Azpetiko, Azkoitiko, Debako, Elgoibarko, Donostiako, Oiartzungo, Hernaniko, Villabonako eta Zizurkilgo emakumeak lehiatuko dira.


10:00etan hasiko da lehia eta, txapelketa azkarra izanik, partida guztiak jarraian izango dira, etenik gabe, 17:00ak arte.

 

 

 

Baina festa ez da hor amaituko. Izan ere, pilotari herrikoien ondoren neska federatuen txanda izango da, Ezker Hormako Emakumea Pilotari Txapelketako finalak jokatuko baitituzte Beotibarren, 17:15ean hasita

 

Abenduak 17, larunbata, 17:15, Tolosa-Beotibar

1. Gomazko paleta neskak, 2. maila: RODAS-ARRILLAGA / E.OTAEGI-ERASUN

2. Gomazko paleta neskak, 1. maila: GARMENDIA-EIZMENDI / I.OTAEGI-MAIDER MENDIZABAL

 

Partida hauek politak bezain orekatuak izatea espero da.

 

 

 

Agerraldia eskerrak ematen amaitu nahi izan zuen Garmendiak: "Tolosako Udalari, Emakumea Pilotari proiektuaren hasieratik beti laguntzeko prest agertu delako; baita Gipuzkoako Foru Aldundiari ere, proiektua garatu ahal izateko eskaintzen digun laguntzagatik; eta batez ere Tolosako pilota elkarteari, beraien laguntzari esker hau guztia antolatzea errazagoa izan delako".

 

 

 

Beraz, larunbatean Tolosako Beotibarretik igarotzen diren guztiek emakumeak pilotan ikusteko aukera aparta izango dute. Animatu eta azaldu!

 

 

 










Ir arriba