Jokoan da, estreinakoz, Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketa

2016/09/01 | Lehiaketa

Espezialitate honetako lehendabiziko txapelketa ofiziala da; Gipuzkoa bi talderekin lehiatuko da bertan

Jokoan da Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketa. Espezialitate honetako lehendabiziko txapelketa ofiziala da aurten estreinakoz jokatuko den hau. Joan den asteburuan (2016-08-28) hasi zen lehia, eta iraila bukaerara arte egongo da zer ikusia.
 
 
 
 
Euskal pilotako espezialitate zaharrena da bote luzea. Joko zuzenetariko bat da; hau da, bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da. Tantoak tenisean bezala zenbatzen dira; izan ere, tenisak joko zuzenetatik hartu zuen zenbatzeko era. 
 
 
 
 
Sei talde ariko dira lehenengo Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketa honetan, horien artean gipuzkoarrez osatutako Gipuzkoa 1 eta Gipuzkoa 2. Bi multzotan banatu dira taldeak: A multzoan Gipuzkoa 1, Lapurdi 2 eta Behe Nafarroa lehiatuko dira, eta B multzoan Lapurdi 1, Lapurdi 3 eta Gipuzkoa 2.
 
Hauexek dira, hain zuzen ere, Gipuzkoa ordezkatuko duten pilotariak:
 
- Andoni Zabala
- Xabi Ondaro
- Ekaitz Lasa
- Josu Leonet
- Aritz Leonet
- Julen Chiapuso
- Beñat Arzelus
- Andoni Flores
- Joseba Azpiroz
- Txomin Nazabal
- Orkatz Argote
- Iñaki Esnaola
- Jon Ander Esnaola
- Jon Urbieta
- Andoni Urbieta
- Ibai Urbieta
- Julen Jauregi
 
 
 
 
Txapelketak bi fase izango ditu. Lehendabiziko fasea, ligaxkarena, irailaren erdialdera arte luzatuko da. Eta ondoren etorriko da kanporeketena: ligaxkan mutltzo bakoitzean lehen bi postuetan sailkatutako taldeek finalerdiak jokatuko dituzte (A1 vs B2 eta B1 vs A2), irailaren 12tik 18ra bitarteko astean; eta finala, azkenik, irailaren 19tik 25erako astean izango da. 
 
 
 
 
Informazio gehiago Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean:http://euskalpilota.com
 

 

 










Ir arriba