Kirola, festa eta aldarrikapena Emakumea Pilotari Egunean

2016/05/31 | Ikastaroak

Jai giroan ospatu zen, larunbatean (2016-05-28), X. Emakumea Pilotari Eguna, Iruran. Bertan elkartu ziren Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak, Emakumea Pilotari proiektuaren baitan, lurraldeko zenbait herritan eskaintzen dituen aisialdiko paleta ikastaroan aritu diren emakume ugari. Kirola eginez, elkar ezagutuz eta euskal pilota emakumeen kirola ere badela aldarrikatuz, festa egun polita bizi izan zuten denek.

 

 

Emakumezkoen IX. Gipuzkoako Txapelketa Herrikoiak eman zion hasiera egitarauari. Zizurkilgo bikoteak jantzi zuen txapela, Andoaingo bikoari 9-12 irabazita. Oso final orekatua izan zen, tanto guztiak lehiatuak eta politak izan ziren, eta amaiera arte emozioa nagusitu zen (9na berdindurik egon ziren). Partida 12 tantora jokatu zen arren, 30 bat minutu iraun zuen, eta azkenerako laukoteak neke zantzuak ere erakutsi zituen, batez ere bi atzelariek, pilota asko jo behar izan baitzuten.

Finalerdiak ere markagailuak erakusten duena baino orekatuagoak izan ziren: Zizurkilek 12-6 irabazi zion Hernaniri, eta Andoainek 12-5 Azpeitiari.

Azkoitiko, Donostiako, Oiartzungo eta Tolosako bikoteak ere lehiatu ziren txapelketan.

 

 

 

Txapelketaz gain, saioak eta jolasak ere izan ziren bertaratutakoentzat. 5 gune ezberdinetan banatuta aritu ziren jolas ezberdinak egiten aldi berean, giro eta umore onean.

 

 

 

Eta egunari behar bezalako amaiera emateko, bazkarian elkartu ziren guztiak, trinketeko tabernan.

 

 

 

Federazioak parte-hartzaile guztiak zoriondu nahi ditu, erakutsitako gogo eta jarreragatik. Hurrengo ikasturtera arte!

 

 

 










Ir arriba