Gipuzkoako bi taldeak Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finalerdietara sailkatu dira

2019/09/26 | Lehiaketa

Larunbatean jokatuko dituzte finalerdiak, 11:00etan: Gipuzkoa 1 taldea Bizkaiaren kontra ariko da, Berrizen (Bizkaia), eta eta Gipuzkoa 2k Iparralde 2 izango du aurkari, Senperen (Lapurdi); eguraldia lagun, irabazleek urriaren 19an jokatuko dute finala, Berrizen

Gipuzkoako bi taldeek Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finalerdietara sailkatzea lortu dute, ligaxka bigarren postuan bukatuta, bakoitza bere multzoan. Larunbatean jokatuko dituzte, hain zuzen ere, txapelketako bi finalerdiak. Berrizen, Bizkaian, lehiatuko da Gipuzkoa 1 taldea, Bizkaiaren aurka, 11:00etatik aurrera. Eta ordu berean, baina Senperen, Lapurdin, jokatuko dute beste finalerdia Iparralde 2 eta Gipuzkoa 2 taldeek.

 

 

Ondoren zehazten ditugu jaialdiak:

 

Irailak 28, larunbata, 11:00, Berriz-Berrizburu plaza

BIZKAIA vs GIPUZKOA 1
 
 
Irailak 28, larunbata, 11:00, Senpere-Gaintxiki plaza

IPARRALDE 2 vs GIPUZKOA 2

 

 

 

Bizkaia eta Gipuzkoa 1 taldeen arteko lehia iazko finalaren errebantxa izango da. Bizkaitarrek irabazi zuten iaz, eta aurten ere faborito dira; baina gipuzkoarrek ez dute erraz amore emango.

Bigarren finalerdian, Iparralde 2 eta Gipuzkoa 2 taldeen artekoan, Iparralde jotzen dute faboritotzat, baina lehia hau parekatuago aurreikusten da.

Eguraldia lagun, irabazleek urriaren 19an jokatuko dute finala, Berrizen.

 

 

 

Guztira, Euskal Herriko 6 taldek hartu du parte txapelketan, bi multzotan banatuta: Bizkaia, Gipuzkoa 2 eta Iparralde 3 (Nafarroa Beherea) taldeek osatu dute A multzoa, eta Gipuzkoa 1, Iparralde 1 (Itxasu, Lapurdi) eta Iparralde 2 (Senpere, Lapurdi) taldeek B multzoa.

 

 

 

Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago.

Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da.

 

 

 

Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean, www.euskalpilota.org, aurki daiteke Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketari buruzko informazio gehiago. Eta gure webguneko Argazki galeriak txokoan ligaxkako irudi ugari daude ikusgai.

 

 

 










Ir arriba