Zesta-puntako Udazkena Saria, jokoan

2015/10/15 | Lehiaketa

Puntista alebinak eta infantilak ariko dira txapelketa berezi honetan; abenduaren 20an jokatuko dituzte finalak, Tolosan

Aurreko denboraldiko arrakastari helduz, aurten ere dena prest da Zesta-puntako Udazken Sariari ekiteko. Asteburu honetan hasi (2015-10-18) eta abenduaren bukaerara arte, txapelketa berezia jokatuko dute alebin eta infantil mailako puntistek.

 

 

Banaka eman dute guztiek izena, beraien elkartearen bidez, baina norberaren izenean. Txapelketa, hala ere, binaka jokatuko dute. Baina bikoteak desberdinak dira astero; hau da, aldatzen joaten dira, elkarte desberdinetako pilotariak nahastuz, eta hala denek denekin eta elkarren aurka jokatzeko aukera dute, beste txapelketetan ez bezala. Lehia berezia egiteaz gain, maila orekatzen ere laguntzen du egitura honek.

 

 

Bai alebinetan bai infantiletan 25 pilotarik eman du izena; bi mailatan bi multzotan banatu dituzte (13 A multzoan eta 12 B multzoan).

 

 

Denek ligaxka jokatuko dute 1. fasean, urriaren 18tik azaroaren 29a bitartean. Igandero 6na partida izango dira ikusgai. Hauxe da maila bakoitzeko egutegia:


Alebinak

  • Urriak 18, Mutriku
  • Urriak 25, Zumaia
  • Azaroak 1, Hondarribia
  • Azaroak 8, Mutriku
  • Azaroak 15, Donostia
  • Azaroak 22, Zumaia
  • Azaroak 29, Mutriku
     

Infantilak

  • Urriak 18, Andoain
  • Urriak 25, Mutriku
  • Azaroak 1, Donostia
  • Azaroak 8, Hondarribia
  • Azaroak 15, Zumaia
  • Azaroak 22, Andoain
  • Azaroak 29, Zumaia

 

 

Abenduaren 13an jokatuko dituzte finalerdiak, Andoainen. Alebinetan zein infantiletan, norberaren puntuazioa batuz gero multzo bakoitzeko bigarren eta hirugarren sailkatuak izango dira aurrez aurre; hau da: A multzoko bigarren sailkatua eta B multzoko hirugarrena bikotea osatuz, B multzoko bigarrena eta A multzoko hirugarrenaren aurka (A2-B3 / B2-A3).

 

 

1. sailkatuek finalerako zuzeneko txartela lortuko dute, finalerdiak nork irabaziko zain. Tolosan izango dira ikusgai finalak, abenduaren 20an.

 

 

Webgune honetako Lehiaketa-Errendimendua-Udazkena zesta-punta atalean aurki daitezke txapelketaren inguruko xehetasunak.

 

 

 










Ir arriba