Donostiak eta Andoainek jokatuko dute Herriarteko Pala Txapelketaren finala, igandean, Atano III.ean

2015/06/10 | Lehiaketa

Dagoeneko bi herriek neurtu dituzte indarrak txapelketa honetako finalean; hain zuzen ere, hiru aldiz, 1997, 2006 eta 2008 urteetan

Donostiak eta Andoainek jokatuko dute 2015eko Herriarteko Pala Txapelketaren finala, igandean, 11:00etatik aurrera, Donostiako Atano III.a pilotalekuan:

 

Ekainak 14, igandea, 11:00, Donostia-Atano III.a

DONOSTIA / ANDOAIN, larruzko paletaz eta pala motzaz

 

Lazkao eta Ordizia finalaren atarian geratu dira. Lazkaok 1-3 galdu zuen finalerdietan Andoainen aurka (joanekoan 1-1: 23-35, 40-36; eta 0-2 itzulikoan: 26-35, 37-40).  Eta Ordiziak emaitza berarekin, 1-3, Donostiaren aurka (joanekoan ere berdinketa 1-1: 35-29, 24-40; eta itzulikoan 0-2: 14-35, 20-40).

 

Bai Donostiak bai Andoainek Herriarteko Pala Txapelketaren edizio guztietan hartu dute parte, hau da, 25 aldiz. Horietatik, 6 aldiz izan da txapeldun Donostia: 1997, 1998, 2002, 2006, 2008 eta 2014 urteetan; azkenekoz, beraz, iazko edizioan jantzi zuten txapela donostiarrek. Eta beste 6tan izan dira txapeldunorde: 1991an, hau da, lehendabiziko edizioan, 1993an, 1994an, 2000n, 2001ean eta 2012an. Bestalde, Andoain 4 bider izan da txapeldun: 2009, 2010, 2011 eta 2013an. Eta beste 4tan txapeldunorde: 1997, 1999, 2006 eta 2008 urteetan.

 

Bi herriek badakite zer den elkarren aurka finala jokatzea. Hain zuzen ere, hiru aldiz neurtu dituzte indarrak Herriarteko Pala Txapelketaren finalean: 1997. urtean, 2006an eta 2008an. Donostiak irabazi zuen hiruetan. Ikusteko dago igandean gauzak aldatuko diren ala ez.

 

 

Bestetik, eskuko zein zesta-puntako lehia ere azken txanpan sartu dira. Eskuan, final-laurdenetako itzulikoak izango dira ikusgai asteburuan. Eta zesta-puntan ligaxkako 6. eta azken jardunaldia jokatuko dute. Hona hemen asteburuko kartelera:
 

Ostirala, ekainak 12
- 18:30, Donostia-Carmelo Balda: DONOSTIA / MUTRIKU (zesta-punta)
- 19:30, Hernani-Udalekoa: HERNANI / TOLOSA (eskua)
- 20:30, Beasain-Antzizar: BEASAIN / AZPEITIA (eskua)

- 22:00, Azkoitia-Gurea: AZKOITIA / ZIZURKIL (eskua)
 

Igandea, ekainak 14

- 17:00, Oiartzun-Madalensoro: OIARTZUN / ASTIGARRAGA (eskua)

 

 

2015eko Herriarteko Txapelketan, 22 herrik eman zuten izena eskuko lehian, 8 palakoan eta 3 zesta-puntakoan:


ESKUA

  1. Aia
  2. Alegia
  3. Andoain
  4. Arrasate
  5. Asteasu
  6. Astigarraga
  7. Ataun
  8. Azkoitia
  9. Azpeitia
  10. Beasain
  11. Bidania-Goiatz
  12. Donostia
  13. Errenteria
  14. Hernani
  15. Lasarte-Oria
  16. Lezo
  17. Oiartzun
  18. Oñati
  19. Tolosa
  20. Zestoa
  21. Zizurkil
  22. Zumarraga
     

PALA

  1. Andoain
  2. Deba
  3. Donostia
  4. Errenteria
  5. Lazkao
  6. Oiartzun
  7. Olaberria
  8. Ordizia
     

ZESTA-PUNTA

  1. Donostia
  2. Mutriku
  3. Zumaia

 

Eskuz, Aia, Azpeitia eta Oñati dira aurtengo parte-hartzaile berriak; eta bajak, berriz, Amezketa, Bergara, Elgoibar eta Zaldibia. Palaz, bestalde, iazko herri berek jokatu dute aurten ere. Eta zesta-puntaz, azkenik, Tolosa ez da lehiatu aurtengoan.

 

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak Donostia Kirolarekin lortutako hitzarmenari esker, hiriko instalazioak erabiltzeko aukera izango da, eta bi final Atano III.ean jokatuko dira: palakoa ekainaren 14an eta eskukoa uztailaren 5ean. Zesta-puntako finala, berriz, parte-hartzaileen artean txandakatuz izaten da urtetik urtera, eta 2015ean Mutrikuren txanda izango da; Miruaitzen jokatuko da, beraz, ekainaren 28ko asteburuan.


Gipuzkoa Berria da 2015eko Txapelketaren babeslea. Eta, hari esker, duela urte batzuk banatzen ziren sariak banatzeko aukera izango du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak. Eskuz, 5000 euro jasoko ditu txapeldunak, 2500 txapeldunordeak eta 1250 euro bai 3. bai 4. sailkatuak. Palaz, 2500 euroko saria izango du txapeldunak eta 1250ekoa txapeldunordeak. Zesta-puntaz, 1250 euro izango dira txapeldunarentzat eta 625 txapeldunordearentzat. Azkenik, kanporaketa bakoitzeko 450 euroko saria jasoko dute eskuko parte-hartzaileek, 300 eurona palakoek, eta zestakoek 900 euro ligaxka osoagatik gehi 450na finala jokatzen dutenek.

 

 

 










Ir arriba